Ireki dituzte Aralarko larreak
Jose Antonio Irastortza 'Furriela' 40 urtez Enirio-Aralar mankomunitateko mendizain izandakoak bota du larre irekierari hasiera emateko suziria Larraitzen. Bederatzi hilabeteko larre aldiaz goza dezakete abereek mendian.
Amaia Segurola artzaina artaldea mendirantz gidatzen, gaur eguerdian, Larraitzen. Iñaki Gurrutxaga Gaur eguerdiaz geroztik zabalik daude Enirio-Aralar mankomunitatearen menpeko larreak. Ohi bezala, Maiatzaren Lehenarekin bat eginez, irekiera festa egiten dute Larraitzen (Abaltzisketa) eta giro atsegina baliatuz, asko eta asko izan dira Zamaoko atsedenlekuan bildutako pertsonak.
Abere erakusketa (behor, ardi, ahari, asto, behi eta ahuntzak), eskulangintza saioak eta bertako jakien salmenta izango dira goizean zehar. Iker Sukia lazkaotar trikitilariak eta Aritz Markinez idiazabaldar pandero-jotzaileak girotu dute goiz-eguerdia. Bertsotan, berriz, Maialen Akizu eta Bixente Gorostidi aritu dira.
Furrielak suziria
Zamaoko langan bota du Jose Antonio Irastortza Furriela (Zaldibia, 1958) 40 urtean Enirio-Aralarko mendizain izandakoak larrealdiari hasiera ematen dio suziria. Iazko irailean hartu zuen erretiroa, eta artean “halako zera bat” sentitzen duela adierazi du mendira igotzen denean. Ondoan izan ditu Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta mankomunitateko presidentea, Mikel Arteaga Amezketako alkate eta mankomunitateko presidenteordea eta Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkatea.
Behiak izan dira langa igarotzen lehenak, behor eta moxalak bi txandatan ondoren, eta tartean oraingoz mendira igo den artalde bakarra. Amaia eta Ander Segurola anaia-arreba azpeitiarrek gidatu dute, eta Larrunarri barrenean dagoen Beltzulegi txabola aldera egin dute. Bederatzi hilabeteko larre aldiz gozatzeko aukera dute abereek gaurtik aurrera, urtarrilaren 31ra arte. Enirio-Aralar mankomunitateak datorren astean emango du mendira igotzeko eskubidea duen ganadu kopuruaren berri.
Herri kirol saioa
Herri kirolez gozatzeko aukera izan da hurrena. Malen Morandeira zein Hodei Iruretagoiena harri-jasotzaileak eta Jakes Iruretagoiena eta Oihana Barrena aizkolariak aritu dira, baita Amezketako herri-kirol taldekoak ere.
ARGAZKIAK ETA BIDEOA: Iñaki Gurrutxaga













