Kapela dantza eta Mirandaola eguna, aurtengo Santikutz ixteko
Sustraiak dantza taldeko kideek eta Goiz Deia bandako txistulariek gidatuta egingo dute larunbatean Kapela dantza Legazpin, eguerdian plazan hasita. Igandean, prozesioa, meza, ezpata-dantza, burdinolaren erakustaldia, dantza eta bertso jaialdia, bazkaria eta erromeria izango dira Mirandaolan. Erraldoien kalejirak emango die amaiera jaiei.
Legazpiarrei azken bi egunak geratzen zaizkie Santikutz jaiez gozatzeko. Bihar larunbata Kapela Dantza egingo dute Euskal Herria plazan, eta igandean Mirandaola Eguna ospatuko dute.
Kapela dantzarena, Sustraiak taldeak sustatutako jarduera da, eta Goiz Deia txistulari bandako kideek jarriko diote musika dantzarien jardunari. 12:00etan hasiko da plazan, eta ondoren, herriko kaleetan eta tabernetan ibiliko dira partaideak egun osoan zehar.
Igandeko Mirandaola Eguna, aldiz, 09:00etan hasiko da, txistularien goiz eresiarekin. 10:15ean Gurutze Deunaren erlikiaren itzulera egingo dute Mirandaolako elizaraino prozesioan, txistulariek, dantzariek eta herritarrek lagunduta. Mirandaolan, meza ospatuko dute 11:00etan Santikutz abesbatzaren partaidetzarekin, eta 12:00etan olagizonei eta udal agintariei ohorezko ezpata-dantza eskainiko diete.
Mezaren eta dantzaren ondoren, burdinola martxan jarriko dute, eta parkean erromeria hasiko da 13:00etan. Olamendi eta Haztegi ikastetxeetako bertsolariek, bertso eskolako ikasleek, Korosti eta Sustraiak dantza taldeetako dantzari txikiek, Doinua Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleek eta Goiz Deiako txistulariek parte hartuko dute bertan.
Lekanazpiren kalderetea
Erromeria amaitzean, herri bazkaria hasiko da 14:00etan. Bakoitzak bere jana eraman dezake, baina Lekanazpi elkarteak untxi kalderetea ere prestatuko du. Bazkalondoren haurrentzako jolasak izango dira Lenburren eskutik, eta Elustondo anai-arreben trikiti doinuekin dantza egiteko aukera izango da.
Eguna amaitzeko, 17:30ean herrira itzuliko dira guztiak Trapalata txarangarekin eta erraldoiekin batera. Herrian, jaietako azken kalejira egingo dute erdigunean.
Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen Eguna
Igandea, bestalde, Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen Eguna ere izango da, eta Legazpi ibilbide horren parte denez, herrian ere izango du oihartzuna. Hori dela eta, horren ospakizunean Lenbur Fundazioak Mirandola egunerako 09:00etatik 18:00ak bitartean prestatutako ekitaldi guztiak txertatu ditu.













