Aramako herri ostatuak ateak itxi berri ditu
Toki-Alai ostatuaren lizitazioa hutsik geratu da, baina udalak erakargarria izan daitekeen proiektu baten bila jarraitzen du. Eskerrak eman dizkie zortzi urte hauetan ostatuaren kudeatzaileak izan direnei.
Aramako herri ostatuak ateak itxi zituen atzo, zortzi urteren ondoren, egungo kudeatzaileak amaiera eman baitio Toki-Alaiko proiektuari. Udalak eskerrak eman dizkie azken denbora luzean bertan lanean aritu direnei: “Aramako eguneko bizitzaren parte izan da, herriaren topagune eta elkargune bihurtuta. Bertan lanean aritutako pertsonek egindako lanari eta eskainitako zerbitzuari esker, ostatuak herriko jarduera sozial eta komunitarioan bere lekua izan du”.
Zentzu horretan, ostatuaren kudeaketa eta ustiapena esleitzeko abiatutako lizitazio prozedura hutsik geratu da, baina udalak jakinarazi du proiektuan interesa izan dezaketen pertsona zein eragileekin “harremanetan” jarraitzen duela, ostatuaren etorkizunerako proiektu “egonkor eta erakargarria” sustatzeko helburuarekin. Hortaz, lizitazio prozedura berria abiaraziko du datozen egunetan, baldintza-plegu eguneratuekin.
Hori dela eta, udalak interesa izan dezaketen pertsona, autonomo eta enpresa guztiak animatu ditu informazioa jasotzera eta datozen egunetan egingo diren deialdietan parte hartzera.













