Ordiziako mutilen azken esfortzua, ohorezko mailaren bidean
Larunbat honetan, 18:00etan, Altamira futbol zelaian jokatuko dute itzuliko partida, Lasarte-Oriaren aurka. Joaneko partidan berdindu egin zuten, 0-0.
Lehen taldeko mutilen denboraldi hasierako argazkia. Ordizia K.E. Denboraldi amaiera bikaina egiten ari da futboleko Ordiziako mutilen lehen taldea, eta asteburu honetan ikasturte osoko lanaren azken urratsa emateko aukera izango du. Liga erregularrean egindako jardun sendoari esker, taldeak bigarren postua eskuratu zuen sailkapenean, eta horri esker Ohorezko Mailara igotzeko play-offean parte hartzeko txartela lortu zuen.
Igoera lortzeko lehen erronka joan den asteburuan izan zuten, Lasarten jokatutako joaneko neurketan. Klubak azaldu duenez, partida ez zen samurra izan, norgehiagokak oreka handia izan baitzuen une oro. Hala ere, ordiziarrek seriotasunez erantzun zuten, eta kanporaketa guztiz zabalik utzi duen berdinketa baliotsua eskuratu zuten (0-0).
Orain, dena etxean erabakiko da. Larunbat honetan, 18:00etan, Altamira futbol zelaian jokatuko dute itzuliko partida eta bertan erabakiko da zein taldek lortuko duen Ohorezko Mailarako igoeraren aldeko urrats erabakigarria ematea. Denboraldi osoan erakutsitako mailari azken errematea jartzeko aukera izango dute ordiziarrek, zaleen babesarekin eta etxeko giroaren indarrarekin.












