Bigarren eskuko azoka arrakastatsua, Zumarragan
Bi modalitate izan ditu azokak. Batetik, 'Erreserbatu Zure Mahaia' modalitatea, eta bestetik, 'Gordailu Zerbitzua'.
Herritar ugari hurbildu da azokara. Ingurumenaren Astearen barruan, bigarren eskuko azoka egin dute Zumarragan. Egitasmo honen helburua berrerabilpena eta ekonomia zirkularra sustatzea da, baita kontsumo arduratsuaren alde egitea ere.
10:00etatik 14:00etara, herritarrek etxean dituzten gauzak saltzeko eta besteenak erosteko aukera izan dute Zumarragako plazako azoka gunean. Bertan, denetariko produktuak aurkitu ahal izan dira: liburuak, jostailuak, dekorazioko objektuak, etxerako artikuluak eta kirol materiala, besteak beste. Produktuak bertatik bertara ezagutzeko gogoz, herritar ugari hurbildu da azokara.
Modalitate desberdinak
Bi modalitate izan ditu azokak. Batetik, ‘Erreserbatu Zure Mahaia’ modalitatea, eta bestetik, ‘Gordailu Zerbitzua’. Lehenengo modalitatearen bidez, herritarrek beraien produktuak zuzenean saldu edo trukatzeko aukera izan dute. Bigarrenari dagokionez, zerbitzu honen erabiltzaileek antolakuntzaren gain utzi dute euren objektuen salmentaren kudeaketa.
Bigarren Eskuko Azokaren lehenengo edizioa izan da aurtengoa, eta haren antolaketa Artelatz enpresa espezializatuaren laguntzarekin egin da. Halaber, ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak ekonomia zirkularraren arloan sustatutako diru laguntza programaren barruan kokatzen da.













