Dantzari Txiki Eguna ospatzen ari dira Lazkaon
Goizeko saioaren ondoren, arratsaldean jarraituko du ospakizunak: bazkalostean jolasak eta 16:30ean erromeria izango dira.
Lazkaoko plazan amaitu dute goizeko dantza saioa. Legorretakoaren ondotik, Dantzari Txiki Eguna ospatu dute Lazkaon. 10:30ean bildu dira dantzariak herriko plazan, eta hamaiketakoaren ostean, herrian zehar kalejira egin dute, bi ibilbidetan banatuta.
13:00etan Lazkaoko plazan elkartu dira berriro dantzari guztiak, eta Ikurrin dantza, Agurra, Zazpi jauzi, Txakarranko eta Fandango eta Arin-arinak dantzatu dituzte, kalejirarekin amaituz.
Zortzi dantza talde elkartu dira gaurkoan Lazkaon: Irrintzi, Goruntz, Aurtzaka, Tobera, Amets Bide, Axari, Berriztasuna eta herriko Oin Arin.
Dantzari guztiek plazan bazkalduko dute 14:00etan, arratsaldean festarekin jarraitzeko asmoz. Bazkalostean jolasak egingo dituzte lehenik, eta 16:30ean Olgeta taldearekin erromeria izango da.













