Batzorde Kudeatzaile berria Gaintzan
Bost herritarrez osatu dute udal gobernu taldea. Uxue Irastortza da alkate berria, eta beste lau zinegotziak Joseba Matxain, Arantxa Begiristain, Sara Garmendia eta Larraitz Garmendia dira.
Gaintzako Batzorde Kudeatzaile berria. Goierriko Hitza Batzorde kudeatzaile berria ofizial egin zen Gaintzako udalean, apirilean. Bost gaintzarrek osatzen dute: Uxue Irastorza alkateak eta Joseba Matxain, Arantxa Begiristain, Sara Garmendia eta Larraitz Garmendia zinegotziek.
Udala desegin zen otsailean alkateak eta bi zinegotzik kargua utzi zutelako. Beste zinegotzi batek ere aurreko uztailean udal korporazioko kide izateari uko egin zion. Horrela, udal korporazioa osatzen zuten lau kidek kargua utzi zuten eta bat bakarrik gelditu zen, gaur alkate dena.
Hauteskunde-araubide Orokorrari jarraituz, 250 biztanletik beherako udalerrietan, korporazioko kideen izatezko kopurua legezko kopuruaren erdia baino txikiagoa denean, batzorde kudeatzaile bat eratu beharko da, karguan jarraitzen duten kideek eta herrialdeko diputazioak izendatutako beste pertsona batzuek osatuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Gaintzan eratu beharreko batzorde kudeatzaileko kideak izendatzeko deialdi publikoa. Besteak beste, adinez nagusi izatea, udalerrian behar adina errotuta egotea, eta 2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan aurkeztu zen zerrendako hautagai edo karguari uko egindako ez izatea dira baldintzak.
Agintaldiko helburuak
2027ko maiatzaren 23an udal hauteskundeak izango dira. Hala ere, agintaldiak irauten duen denboran helburu batzuk dituztela zehaztu du Irastorzak: «Idazkariaren hitzarmena aldatu nahi dugu».
Une honetan Zaldibiarekin «partekatzen» dutela idazkaria azaldu du alkateak: «%9,80an daukagu guk eta Zaldibiak %90, 20an». Idazkaria «astean behin joaten dela hiru orduz» adierazi du Irastorzak: «Zaldibiak ere idazkari bat %100ean egotea nahi du eta guk ere gehiago nahi dugu». Horregatik, beraien lehentasuna «idazkaria ehuneko handiago batean» edukitzea izango da. Hori egin ahal izateko, ordea, Zaldibiako udalarekin daukaten hitzarmena «apurtu» behar dutela azaldu du alkateak. Baina horretarako herritarrez osaturiko batzordea behar zuten, eta ez diputazioko jendearekin osatutakoa.
Nahiz eta Zaldibiarekin hitzarmena eten, beste herri edo mankomunitate bateko idazkaria partekatu behar dutela aurreratu du Irastorzak: «Orain Abaltzisketarekin aukera daukagu idazkari bat behar den bezala edukitzeko». Alkateak udaletxe batean idazkariak duen «garrantzia» azpimarratu du: «Edozein baimen, diru-laguntza eskaera eta den-dena idazkariarengandik pasatu beharra dauka». Abaltzisketarekin saiatuko dira idazkaria beraiekin «%40-50» inguruan izatea hitzartzen. Modu horretan, idazkaria «egunero» izango luketelako.













