Bihar jaitsiko da txerri gorria San Pedro jaiei hasiera emateko
Berrikuntzen artean bigantxak izango dira larunbatean. 26 sagardotegi aurten, 32. sagardo dastaketan.
31. Sagardo dastaketa egin dute Mutiloan.Jule Aranburu. Mutiloan dena prest dute bihartik aurrera San Pedro jaietan murgiltzeko. Bost egunez luzatuko dira jaiak eta astelehenean, San Pedro egunez amaituko dira. Sanpedrotako ohiko ekintza arrakastatsuenak errepikatuko dituzte aurten, baina hainbat berrikuntza eta aldaketa egin dituzte, «egitaraua, batez ere larunbat arratsaldeari begira» are erakargarriago egiteko, Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak adierazi duenez.
Berrikuntzen artean, ekainaren 27an, larunbata, bigantxak aterako dituzte herriko plazara, «festa batzordeak proposatuta». Baieztatzerik ez dagoen arren, garai bateko jaietan bigantxak izango zirela uste du alkateak, baina azkeneko urte askoan lehenengoz eramango dute ikuskizuna Mutiloara.
Aldaketa nagusiak
Aldaketa nagusien artean, herri afariaren ordez, herri bazkaria egingo dute eta larunbatean izango da. Beste urte batzuetan igande arratsaldean ospatu izan den herri kirol saioa ere larunbatera aldatu dute: 21:30ean, Segura, Zerain eta Mutiloako taldeekin.
Ohi bezala txerriaren jaitsierak emango die hasiera jaiei, bihar arratsaldean. 27. tortilla patata lehiaketa izango da jaietako lehendabiziko ekintza. Larunbatean, sagardo dastaketa arrakastatsua ere egingo dute, 32.enez. 26 sagardotegi ezberdinetako sagardoak izango dira aukeran, tartean, baita Goierrikoak ere.
Igandean, haurrentzako puzgarriak izango dira eta Izarretan Dantzan taldeak dantza erakustaldia egingo du eguerdian, txakolina eta Beñat Telleriaren gaztak dastatzeko aukera dagoen bitartean. Pilota partidak izango dira arratsaldean: Mikel Ugalde eta Jon Urdangarin Aiur Muñoa eta Ander Zabaletaren aurka eta Enetz Muñoa eta Ander Iturbe, Aratz eta Kaiet Alustizaren aurka. Sanpedroak paella jatearekin agurtuko dituzte datorren urtera arte, astelehenean.

Autobus zerbitzu bereziak ostiralean eta larunbatean
Pasa den urteetan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu ekainaren 26an eta 27an inguruko herrietatik Mutiloako San Pedro jaietara gerturatzeko.
Bi autobus lerro izango dira; bata Lazkaotik aterako da eta bestea Zegamatik. Ostiralean 19:30ean, 20:10ean; 20:30ean eta 23:00etan irtengo da autobus bat Lazkaotik (Hirigoien) eta geldialdiak egingo ditu Ordizian (Renfe), Beasainen (Renfe) eta Idiazabalen (eliza). Itzulerako autobusak 00:40an, 3:00etan eta 4:45ean irtengo dira Mutiloatik Lazkaoko noranzkoan. Beste autobusak Zegamatik (plaza) 19:30ean, 21:30ean, 00:10ean eta 02:30ean aterako dira Mutiloara, Seguran (plaza) eta Zerainen (markesina) geldialdiak eginda. Itzulerako autobusak 23:40an, 02:00etan eta 04:00etan irtengo dira Mutiloatik Zegamako noranzkoan.
Larunbatean 21:30ean eta 23:00etan irtengo dira autobusak Lazkaotik Mutiloara eta Zegamatik 22:30ean, 00:10ean eta 02:30ean. Itzultzeko 00:40an, 03:00etan eta 04:45ean irtengo dira autobusak Mutiloatik Lazkaorantz eta 23:40an, 02:00etan eta 04:00etan Zegamarantz.













