Oin Arin dantza taldeak 60. urteurrena ospatuko du gaur
Emanaldi berezia egingo dute Lazkaoko plazan, 19:00etan. Herriko beste eragile batzuk ere parte hartuko dute. Oin Arineko historian juntakide izan direnak gobidatu dituzte emanaldira.
Lazkaoko Dantzari Txiki eguna ekainean.Lide Egizala Oin Arin dantza taldeak 60. urteurreneko emanaldi berezia eskainiko du Lazkaoko plazan, gaur, 19:00etan. Herriko beste eragile batzuk ere parte hartuko dute.
Dantza taldekoek urte mugitua daramate 2026a urteurren eta data bereziz betea. Lazkaoko eragile hauek urteurren ekitaldira batu dira: Lazkaoko ikastola, Lazkaoko erraldoi eta buruhandiak, Goierriko Bertsozale Elkartea, Jotake Lazkaun, Lazkao Txiki Musika Eskola, Lazkaoko Musika Banda eta Lazkaoko Udala.
Emanaldia herriko ohiturei «oso lotuta» joango dela aurreratu du Leire Dorronsoro Oin Arin dantza taldeko kideak. «240 dantzari inguruk» parte hartuko dute eta «41 musikarik». Musikarien artean «dantza taldeko txistulariak, musika eskolakoak eta Lazkaoko Bandakoak» izango direla esan du dantza taldeko kideak.
Dantzari eta musikariez gain, emanaldian «joaldunak, erraldoiak eta bertso-eskolako haurrek» ere parte hartuko dute. Gainera, «pantaila handi bat» jarriko dute emanaldian bideo eta irudiak proiektatzeko.
Ikastolaren aldekoa
Dantza taldearen 60. urteurren emanaldia Lazkaoko ikastolaren aldeko jaia izango dela azaldu du dantza taldeak. Dorronsorok dio Arerian egiten dituzten emanaldietan «poltsa» pasatzen dutela: «Gaur lortzen dugun guztia Kilometroak antolatzera bideratuko dugu».
Gonbidatu bereziak
Ikusleen artean 70 aulki inguru gorde dituzte: «Oin Arinen historian juntan ibili direnak gonbidatu ditugu emanaldia ikustera».
Oin Arin dantza taldeak 1966. urtean egin zituen lehen urratsak
«Oin Arin dantza taldea Joxemiel Irizar, Patxi Tejados eta Jexux Mujikak sortu zuten 1966an», adierazi du Leire Dorronsoro Oin Arineko kideak. Dena den, Oin Arinen aurretik Lazkaoko dantza taldea zegoen eta lehenago Oargi izenekoa ere bai.
Oargik Organizacion Atletica Recreativa de Gipuzkoa [Gipuzkoako Kirol Aisialdi Antolakundea] esan nahi zuen, eta 1962 edo 1963an desegin zen. Ondoren, Lazkaoko dantza taldea izan zen urte gutxi batzuetan, eta Oin Arin izena 1966an hartu zuen. Izena Juan Joxe Agirre Beneditarren Fundazioko zuzendariak jarri zion.
Bere 60 urteko ibilbidean dantza taldeak leku ezberdinak erabili ditu entseatzeko Orobionen edo ‘perretxikua’ lokalean bezala. Gaur egun Arerian entseatzen dute. Hain zuzen ere, «240 dantzari inguru» dabiltzala dantza taldean jakinarazi du Dorronsorok. Guztiek urteurreneko emanaldian parte hartuko dute. 60 urteren ostean Oin Arinek Lazkaon ekimen ezberdinak antolatzen jarraitzen du.













