Lurraren Garagardo Festa, asteburuan Ederrena pilotalekuan
Asteburuan Lurra dantza taldearen Garagardo Festa ospatuko da Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Ostiralean eta larunbatean frontoia 19:00etan irekiko da eta igandean, berriz, 12:00etatik 19:00etara irekiko dute. Ostiralean eta larunbatean afariak emango dituzte eta igandean bazkariak. Karaokea eta bingoa ere izango dira.
Gainera, aurtengo Herri Arteko Folklore Jaialdiko argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte. Lehen saria Gorka Gomez legazpiarrak irabazi du, Koloreekin dantza argazkiarekin. 200 euroko saria eta bi lagunentzako afaria jasoko ditu. Gainera, bere argazkia datorren urteko kartela egiteko erabiliko dute. Bigarren saria Iker Gutierrez zumarragarrak irabazi du, Mugimendua argazkiarekin. 100 euro eta bi lagunentzako bazkaria jasoko ditu.
Aurten ere Txoko Solidarioa egingo dute, Bi-Tartean merkatari elkartearekin. Laguntza Gernika-Palestina elkartearentzat izango da. Elkarte honek Palestinako egoerari buruzko hitzaldia egingo du bihar (osteguna), 19:30ean, Urretxuko Labeaga aretoan. Eneko Gerrilabeitia eta Ibon Meñika izango dira hizlariak. Aretoko ateak 19:10ean irekiko dituzte.













