Manuel Etxeberria, apaiz euskaltzale eta abertzalea
Zaldibiako Manuel Etxeberria apaiz euskaltzale eta herrikoia izan zen, Francoren diktadura garaian ikastolak eta euskara elkarteak babestu zituzten apaizetako bat. Hari buruzko argazki erakusketa jarriko dute datorren astean.
Manuel Etxeberria apaiza, Zaldibiako gaztetxoekin Aralarren, 1960ko hamarkadan.Iztueta elkartea Manuel Etxeberria Sukia (Zaldibia, 1922-993) apaiz zaldibiarrari buruzko Don Manuel Etxeberria. Apaiz herrikoi bat argazki erakusketa antolatu du Iztueta Kultur Elkarteak, udal aretoan, irailaren 28tik urriaren 6ra. 104 urte beteko lituzke, datorren abenduan, Etxeberriak. Baina, badira 33 urte apaiz zaldibiarra hil zenetik. Hala ere, herritarren artean arrastoa utzi zuen, gaur, oraindik, irauten duena. Izan ere, orduko gazteekin, abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna sustatzen lan handia egin zuen. Horretaz gain, oso gogoko omen zituen pilota, musika eta argazkilaritza. Astelehenetik ikusgarri egongo den erakusketak adierazten duen bezala.

Zaldibiako elizan Meza Berria eman zuenekoa, 1947. urtean, aita-amak alde banatan dituela.Iztueta elkartea
Etxeberria ezagutzen zutenek diote «esku onekoa» eta «pazientzia handikoa» zela: «Edozein tresna, aparatu, erloju, auto… askatu, pieza guztiak sakabanatu, konpondu eta berriro osatzeko trebea zen».
Txikitatik mutiko «bizia» zela diote Iztueta elkartekoek: «Korrika, bizikletan eta pilotan oso abila zen». 12-13 urterekin Gasteizko Seminariora joan zen apaiz ikasketak egitera. 1974ko ekainean apaiztu zen bertan, eta Meza Berria, 1947ko uztailean eman zuen Zaldibiako Santa Fe elizan. Gipuzkoako Eliza garai hartan Gasteizko diozesiaren barruan zegoen, eta Ekuadorko Los Rios eskualdean zeukan misioan. Beraz, Etxeberria inguruko apaiz euskaldun gehiagorekin, Jexux Dorronsoro ataundarra tartean, Ekuadorra joan zen, 1952an.
Misiolari Ekuadorren
Etxeberria, ordurako, hasia zen Euskal Herriarekiko nahiz euskararekiko «mira eta maitasuna» erakusten: «Handik bidaltzen zituen argazkietan ematen zuen azalpena beti euskaraz idazten zuen». 50eko hamarkadan euskaraz «inork gutxik» idazten zuela nabarmendu dute Iztuetakoek.
Etxeberriak Ekuadorren jende asko ezagutu zuen, «espainiar kolonizatzaileekiko amorrua» sentitzen zutena: «Bere erara bideratuko zuen elizaren ebanjelizazioa».

Guarandan, 1957. urtean. Ekuadorreko lehenengo frontoian, Jai-Alain, gaztetxoekin.Iztueta elkartea
Ekuadortik, 1958an, «nahi baino lehenago» itzuli zen Zaldibiara: «Ekuadorren kamioi batek azpian harrapatu zuen, hura konpontzen ari zela, eta bizkar hezurra oso kaltetua ekarri zuen».
Zaldibiara itzulera
1960ko hamarkadan Francoren diktadurak euskararen eta euskal kulturaren aurka gogor jotzen zuenean, hasia zen Euskal Herrian giro berri bat pizten. Ezkutuan, klandestinitatean, antolatzen hasiak ziren itotzear zuten hizkuntza eta kultura berpizteko asmoz.

Manuel Etxeberria apaiza, erdian, makuluekin, Ekuadortik Zaldibiara itzuli zenean, 1958an.Iztueta elkartea
Iztueta Kultur Elkartekoek gogorarazi dutenez, hortxe ziren lehenengo ikastolak, gau-eskolak, mendi eta kultur elkarteak, herritarrak lozorrotik atera nahian. «Elizak, edo hobeto esanda, apaiz eta eliztar batzuek rol garrantzitsua jokatu zuten garai horretan elkarte, ikastola horrelako mugimenduei babesa ematen». Etxeberria izan zen apaiz horietako bat.
Zaldibiako gazteekin ekintza ugari egiten zituen Etxeberriak; hala nola, mendi irteerak, antzerkiak, txistua jotzen erakutsi… Etxeberriari ekintza horiek behin baino gehiagotan ekarri zizkioten arazoak.
Apaizaren azken urteak osasun arazoek eta momentuko egoera soziopolitikoarekin zituen desadostasunek markatu zituzten. Hala ere, gizon «eskuzabala» izaten segitu zuen, «etxez etxe gaixoak bisitatzen eta beharrean zegoenari laguntzen».

Anaia Antoniorekin, 1990. urtearen inguruan. Eskubikoa da Manuel.Iztueta













