«Denboraldi hasieran ez nuen pentsatzen honaino iristea»
Gari Ugarte txirrindulari legazpiarrak urtea osatuko du Euskaltel-Euskadi talde profesionalean, balantze onarekin.
Gari Ugarte txirrindulari legazpiarra. Hitza Urte bete egingo du laster Gari Ugartek (Legazpi, 2005) txirrindularitza profesionalean. Iazko urrian Euskaltel-Euskadik lehen talderako fitxatu zuen, eta ordutik ez da txirringatik jaitsi. Txinatik etorri berritan eta Frantzian Cholet eta Vendee-eko hurrengo probei ekin aurretik, egun batzuk igaro ditu etxean. Lehen denboraldi honen balantzea ona dela dio.
Urtea egingo duzu laster profesionaletan.
Bai. Aurreko urtean hainbat proba egin nituen stagiaire gisa, eta iazko urrian profesionalen taldera sartu ninduten. Urtarrilean hasi genuen lasterketa denboraldia, eta urrian amaituko dugu. Azaroan atseden hartuko dugu, eta abenduan hasiko gara berriz ere martxan, urtarrilean lehiarekin.
Errepidean zabiltza. Pista eta ziklo-krosa ere egiten dituzu?
Pista ez, baina ziklo krosa egin izan dut, eta aurten ez dut baztertzen lasterketaren bat egitea. Gure taldera ziklo krosean Espainia mailako erreferente den Felipe Orts dator, eta bere ondoan lehiatzea gustatuko litzaidake.
Noiz hasi zinen txirringan?
Ez dut ondo gogoratzen, baina 10-12 urterekin hasiko nintzen, benjamin mailan. Legazpin ez zegoen talderik, eta Urretxuko Goierrirekin hasi nintzen. Etxean, osaba beti ibili izan da bizikletan, zikloturista da, eta bera ikusita probatzea erabaki nuen. Ordurako beste kirol batzuetan ibilia nintzen, saskibaloian, pilotan, futbolean… baina ez nintzen oso abila. Txirrindularitza, aldiz, gustatu egin zitzaidan. Jubenilak arte egon nintzen Goierrin, eta gero Euskaltelen bigarren taldera joan nintzen, eta bi urte egin eta gero, iaz maillot laranjarekin stagiaire gisa debutatu nuen, eta laster, profesionaletara pasatu nintzen.
«Jubeniletan lehiatzea ez zen sakrifizioa niretzat, gozamena baizik. Baina orain eskakizun maila askoz ere handiagoa da»
Nolako kirola da?
Oso sakrifikatua da, batez ere Sub 23 eta profesionaletan. Jubeniletan lehiatzea ez zen sakrifizioa niretzat, gozamena baizik. Baina orain eskakizun maila askoz ere handiagoa da.
Emaitza onak lortu dituzu.
Bai, txikitatik izan ditut emaitza onak. Garaipen bat baino gehiago lortu ditut, baina ez dut bereziki batere gogoratzen. Legazpiko Klasikoa lehen aldiz egin nuenekoa, 2024an, ez dut ahaztuko, ez nuen irabazi, baina lagunak bengala eta guzti joan ziren ni animatzera. Bigarrena, iazkoa ere ez dut ahaztu, presio handiarekin atera nintzelako eta ez nuelako lortu amaitzea.
Nola doa lehen urte hau?
Oso ondo. Euskal Herriko Itzulia egin nuen, azken momentuan gaixotu zen taldekide bat ordezkatuz. Frantzian nengoen, eta lasterketa aurkezteko bezperan deitu zidaten. Bidaia gorabeheratsua izan nuen gainera, bidean furgoneta matxuratu zelako. Baina iritsi nintzen eta egin nuen. Hura amets bat betetzea izan zen niretzat. Oso polita izan zen. Sufritu nuen, Itzuliaren maila oso altua delako, baina gustura geratu nintzen.
Lasterketa gehiago egin dituzu.
Itzuliak, klasikoak… Oraintxe Txinatik etorri berria naiz, Huangshaneko Tourrean lehiatu eta gero. Sailkapen orokorrean, gazteen artean bigarren postua egin dut, eta lehenengo itzulian bederatzigarren egin nuen, eta bigarrenean, zazpigarren. Gainera, ekipo onena izan gara.
Zenbat lasterketa izan dira?
Aurten 50 lasterketa daramatzat. Asko dirudi, baina ez da hainbeste, udan eroriko bat izan nuelako Polonian, eta belauneko errotula hautsita, lesionatuta egon naizelako. Horregatik Getxo eta Burgoseko Itzulia ezin izan nituen egin. Pena izan zen, baina aldi berean ondo etorri zitzaidan atseden hartzeko, eta denboraldiaren amaierari freskotasunarekin heltzeko.
«[Itzulian lehiatzea] amets bat izan zen. Oso polita izan zen. Sufritu nuen, Itzuliaren maila oso altua delako, baina gustura geratu nintzen»
Eta zer geratzen zaizu?
Frantzian bi klasiko, Belgikan beste bat, eta Hong Kong. Eta agian urriaren 18an erlojuaren kontrako bat ere egingo dut.
Zein da denboraldiko balantzea?
Oraindik ez da bukatu, baina oso ona da balantzea. Lehen urtea zaila izaten da, egokitzapen urtea delako. Baina nik lortu dut lasterketetan lehiakor izatea, eta denboraldi hasieran ez nuen pentsatzen honaino iristea.
Nola dator hurrengo urtea?
Azaroko atsedena bukatutakoan, abenduan hasiko gara prestaketekin, Mediterraneo aldean. Urtarril amaieran hasiko gara lehiarekin, eta nik ilusio handiarekin begiratzen diot denboraldi berriari. Gainera, taldeak nire erreferenteetako bat izan den Mikel Landa fitxatu du, eta horrek ere laguntzen du. Ilusio handiarekin begiratzen diot hurrengo urteari.
Nolako giroa duzue taldean?
Oso ona, eta beste taldeekin alderatuta, askoz ere hobea. Inguruko txirrindulariak gara denak, eta Nikolas Alustiza eta Xabi Isasa hor daude, Goierrin elkarrekin ibiliak gara eta entrenatu ere elkarrekin egiten dugu… Xabier Berasategi ere bai. Giro ona dugu gure artean, talde osoan, eta hori nabarmendu nahiko nuke.
Hasi zinenean, espero zenuen profesional izatea?
Nik uste dut barne-barnean baietz, ikusten nuela aukera. Baina ez da hori izan nire helburu nagusia, etapa bakoitzean disfrutatu egin dut, eta azkenean iritsi da.
«Nahiko zaila da dena bateratzea, baina orain arte ondo konpondu naiz. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari naiz Gasteizen. Hirugarren mailan nago»
Zein da zure ametsa orain?
Lasterketa handietan ibiltzea. Baina ni klasika zalea naiz gehiago, nahiago dut Paris-Roubaix adibidez, eta horrelako lasterketa motak. Etapa gutxiagokoak dira, baina etapa horiek luzeagoak dira, eta ibilbidearen aldetik ez dituzte hainbeste malda.
Eta norekin aritzea gustatuko litzaizuke?
Van der Poolekin.
Batera, ala kontra?
Kontra zaila izango da!.
Horretarako asko entrenatu beharko da.
Dena planeatuta daukagu, eta batzuetan egiten ditugu entrenamendu luzeak, bizikleta gainean bost orduko ibilaldiak adibidez, edo serieak, eta beste batzuetan motzagoak, ordu eta erdikoak. Gimnasioan ere aritzen naiz, mugikortasuna oso garrantzitsua iruditzen zaidalako, bizikleta gainean sortzen diren deskonpentsazioei aurre egiteko, lesioak ekiditeko batez ere, eta errendimendua hobetzeko.
Eta hori guztia egiten duzu ikasketak alboratu gabe.
Nahiko zaila da dena bateratzea, baina orain arte ondo konpondu naiz. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari naiz Gasteizen. Hirugarren mailan nago.













