Azpiegiturak

Bypass-a jarriko dute Ormaiztegi eta Zumarraga artean igandean, asfaltatze lanak egiteko

Ostiral arratsaldeko lehenengo orduan ezkerreko erreia itxiko dute Beasaingo noranzkoan by-passa prestatzeko lanekin hasteko.

AP-8, AP-1, GI-20 eta AP-636 errepideetako hainbat zatitako zoladura berritzeko kanpainaren hamargarren jarduketaren lanak egingo ditu Bidegik asteburu honetan. Zehatzago, AP-636an, Bergarako noranzkoan, Ormaiztegi eta Zumarraga artean asfaltatze lanak egingo dituzte 7,300 eta 10,500 pk artean, eta horrek hainbat afekzio sortuko ditu ostiraletik igandera bitartean.

Lanak gaur arratsaldeko lehenengo orduan hasiko dira; 14:00etatik aurrera, ezkerreko erreia itxiko dute Beasaingo norabidean, 12,000 eta 10,500 pk artean; eta 15:00etatik aurrera, berriz, 7,000 eta 7,300 pk artean, bi norabideetan erdibideko pasoak irekitzeko eta bypass-a sortu ahal izateko prestaketa lanak egiteko. Itxiera hauek larunbatean egun osoan zehar mantenduko dira.

Bypass-a igande osoan zehar

Afekzio nagusiena igandean gertatuko da. 08:00etatik 22:00etara bypass-a sortuko da 7,300 eta 10,600 pk artean, eta ondorioz, Bergarako noranzkoan doan trafiko guztia Beasaingo noranzkoko plataformatik desbideratuko da. Behin asfaltatze-lanak amaituta, bypass-a kentzeko eta erdibideko pasoak ixteko lanak gauerdira arte luzatuko dira.

Zumarragako 10.lotunea itxita Bergarako norabidean

Bypass-ak afekzioa garrantzitsua sortuko du Zumarragako 10.lotunean. Asfaltatze lanek Bergarako noranzkoan lotunearen sarrera zein irteeran eragina izango dute, eta ondorioz, erabiltzaileek ezingo dute Bergarako norabidean lotune hori erabili ez irteteko, ezta sartzeko ere.

Hortaz, tarte horretan Bergarako noranzkoan Zumarragako 10. lotunea erabiltzea aurreikusita zuten gidariek 12. lotunea erabili beharko dute, Aparicio Auzoko biribilgunetik eta jarraian Euskal Herria Hiribidetik (GI-2632) Zumarragara iristeko, eta ibilbide bera egin beharko dute baina kontrako norabidean AP-636ra Bergarako norabidean sartzeko.

Halaber, Azkoititik GI-631 errepidetik Zumarragara AP-636a Bergarako norabidean hartzera doazen erabiltzaileek, San Gregorio tunela zeharkatu ondoren Zumarragara sartu beharko dute eta Euskal Herria Etorbidetik (GI-2632) Aparicio Auzoko biribilguneraino joan beharko dute, 12.lotunetik AP-636ra Bergarako norabidean sartu ahal izateko.

Zoladura berritzeko kanpaina

Bidegi 14,9 milioi euroko inbertsioa egiten ari da AP-8, AP-1, GI-20 eta AP-636 errepideetako 46 kilometrotan zorua berritzeko. Helburua da zoladuraren baldintza estrukturalak eta funtzionamendua mantentzea, bide segurtasuna bermatuz eta ematen den zerbitzu mailari eutsiz.

Bidegik ohartarazi du ordutegi hauek guztiak gutxi gorabeherakoak direla, izan ere, eguraldia bezalako faktoreek aldaketak eragin ditzakete. Horren harian, gomendatzen du zuhurtziaz gidatzeko eta seinaleen zein lanean arituko diren langileen jarraibideei kasu egiteko.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa