Errei-mozketak izango dira igandean N-Iean, Goierrin eta Tolosaldean

Landaredia eta sastrakak garbitzeko lanek hainbat tartetan eragingo dute, Goierri eta Tolosaldea arteko zenbait gunetako bi noranzkoetan.

Beasain eta Ordizia arteko tunelak, N-1 errepidean. Hitza

N-I errepideko hainbat tartetan errei-mozketak egingo dituzte igandean, azaroaren 22an, euste-hormetan eta tuneletako ahoetan hazitako sastrakak eta landaredia kentzeko lanen ondorioz. Lanak 02:00etatik 16:00etara egingo dituzte, eta garbiketa- eta ikuspen-lanak aurrera egin ahala, erreiak pixkanaka zabalduko dituzte.

Goierriko eta Tolosaldeko hainbat punturi eragingo diete mozketek. Donostiarako noranzkoan, Beasainen ezkerreko erreia itxita egongo da 419+000 eta 420+500 kilometro-puntuen artean; Itsasondon, eskuinekoa 423+500 eta 424+500 artean; eta Legorretan, eskuineko erreia 427+000 eta 428+500 artean. Tolosaren eta Iruraren arteko tartean ere izango dira errei-mozketak: 435+000 eta 436+500 kilometro-puntuen artean, batetik, eta 437+500 eta 438+200 artean, bestetik.

Gasteizerako noranzkoan, berriz, Ikaztegietan egingo dituzte lanak, eta eskuineko erreia moztuko dute 429+000 eta 427+500 kilometro-puntuen artean.

Mozketek ez dute ordezko ibilbiderik ezartzea ekarriko, noranzko bakoitzean gutxienez zirkulaziorako errei bat irekita mantenduko baita. Hala ere, gidariei zuhurtziaz ibiltzeko eta lan-eremuetan jarritako seinaleztapenari arreta egiteko eskatu diete.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa