'Hutsune handi bat' dokumentala herriko ikastetxeetako hezkuntza programan txertatutako da

Martxoan estreinatu zenetik, Gattiken eta Anne Zufiaurren dokumentala Euskal Herrian eta Espainian (Kantabrian, Asturiasen eta aurki Madrilen) barrena ibili da. Milaka ikuslek ikusi duten dokumentalak hamarkadetan isilarazita egon den gure historiaren zati bat argitara ekarri du: heroinak eta HIESak Zumarragan eta Urretxun eragindako kaltea. Herriko memoria kolektiboa zaintzeko, eta antzeko gertakariak berriro gerta ez daitezen laguntzeko asmoz, Zumarragako Udaleko Gazteria sailak akordioa lortu du dokumentalaren sortzaileekin eta Zumarragako eta Urretxuko lau ikastetxeekin, dokumentalaren emanaldia hezkuntza programan txertatzeko. Hala, urtero DBHko 4. mailako ikasleei eskainiko zaie dokumentala, eta unitate didaktiko batekin osatuko da, garai hartako gertakarietan sakontzeko eta horiek gizartean izan zuten eragina ulertzeko. 2026-2027 ikasturtean Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleek ere parte hartuko dute.

Iñaki Mendiluze zinegotziak “betebehar morala” dela esan du. “Belaunaldi berriek gure historiaren zati hau ezagutzea eta, hausnarketaren bidez, heroinaren ondorioz bizia galdu zuten pertsona guztien oroitzapena bizirik mantentzea, haien duintasuna eta giza balioa aitortuz, betebehar morala da. Hezkuntza eta memoria funtsezko tresnak dira halakorik berriro gerta ez dadin”.

Ikastetxeei zuzendutako emanaldiak abenduaren 10ean eta 11n egingo dira, goizez. Aukera hori baliatuta, Zumarragako Udalak herritar guztiei zuzendutako emanaldi bat ere eskainiko du abenduaren 10ean, 19:00etan. Emanaldi horretarako sarrerak agortuz gero, bigarren emanaldi bat eskainiko da 21:00etan. “Martxoan eta apirilean zortzi aldiz eman genuen dokumentala, ikusi nahi zuten herritar guztiek horretarako aukera izan zezaten behar beste aldiz. Hilabete batzuk igaro ondoren, eta helburu berarekin, aukera berri bat eskaini nahi diegu, edozein arrazoirengatik, dokumentala ikusi ezin izan zuten herritarrei”, adierazi du Mendilucek.

Sarrerak bihartik (larunbata) aurrera egongo dira salgai Zelai Arizti zinemako leihatilan, honako ordutegi honetan: larunbatetan eta igandetan 17:00etatik 18:30era eta astelehenetan 19:30etik 20:30era. Ordutegi horietan, egun horretan bertan zine aretoan programatuta dagoen filmerako sarrerak erostera bertaratzen diren pertsonek izango dute lehentasuna. Pertsona horiei zerbitzua eskaini ondoren, Hutsune Handi Bat dokumentalerako sarrerak salduko dira. 21:00etarako aurreikusitako bigarren emanaldirako sarrerak 19:00etako emanaldikoak agortzen badira soilik jarriko dira salgai.

Zumarragako Udalak dokumentala ikusteko aukerarik izan ez duten herritar guztiak, baita berriro ikusi nahi dutenak ere, gure historiaren zati bat ezagutzeko, gogoratzeko eta partekatzeko aukera berri hau baliatzera animatu nahi ditu.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa