Binakako Txapelketan Ataungo lau pilotariak
Albisu-Artola, Senar-Eskiroz, Zubizarreta III.a-Lizeaga eta Zubizarreta IV.a-Imaz bikoteak izango dira. Gaur hasiko da txapelketa.
Esku-pilotako Binakako Txapelketa hasiko da gaur. Ataungo lau pilotari profesionalak lehian izango dira. Jon Ander Albisuk, iazko txapeldunak, lehen mailako txapelketa jokatuko du. Beñat Senar, Iraitz Zubizarreta eta Beñat Zubizarretak, berriz, bigarren mailakoa.
Albisuk Iñaki Artola izango du bikotekide, eta bihar hasiko dute txapelketa Peña-Iztuetaren aurka Lizarran, 17:15ean. Partidarako gakoen artean Martxel Iztueta 4 eta 5 koadroen artetik ateratzea dela adierazi du Albisuk: «Martxelek aurkariak dominatu egiten ditu eta hori Peñak oso ongi baliatzen du».
Ataundarrak urriaren 11n Lekunberrin trapezioa apurtu zuen partida batean, eta hiru edo lau aste egon da eskumuturrekoarekin: «Erritmo falta sumatzen dut, baina txapelketa aurrera doan heinean goraka joango naizela uste dut». Albisuk Artola alegiarrarekin jokatuko du txapelketa, eta elkarrekin laugarren aldiz jokatuko dute binakakoa. Gainera, aurreko hiru aldiak hiru urtez jarraian izan ziren, 2015etik 2017ra. «Elkar ongi ezagutzen gara eta badakigu kantxan nola mugitzen garen», adierazi du Albisuk. «Iñaki esperientziadun pilotaria da», gaineratu du.
Binakako azken txapeldunak dira Unai Laso eta ataundarra. Albisuk azpimarratu du denak «zerotik» hasiko direla «txapelketa ezberdina» delako. «Baina, lehenengo txapelketako ilusio berberarekin».
Serie B-ko txapelketa
Bigarren mailako binakako txapelketan Senar, Zubizarreta III.a eta Zubizarreta IV.a ariko dira. Lehena jokatzen Zubizarreta III.a izango da Bilbon, gaur, 20:45ean. Lizeaga bikote izanik Amiano-Aranguren bikoaren aurka neurtuko dira. Senarrek eta Zubizarreta IV.ak elkarren aurka jokatuz hasiko dute txapelketa Tolosan, igandean, 17:15ean. Senarrek Eskiroz izango du kidea eta Zubizarretak Imaz.













