Goierriko atletismo harrobiak mende erdiaren ospakizuna du gaur
Txindoki Atletismo Taldeak 50. urteurrena bete du aurten. Aktiboan dauden atletak eta kide izandako asko elkartu dira Ordizian.
Behingoagatik, pausaje lasaian ikusi ahal izan dira gaur Txindoki Atletismo Taldeko kideak. Ospakizun eguna dute gaur, Ordizian. Goierri behean atletismoaren lanketan eta harrobi-lanean erreferente den klubak 50 urte bete ditu, eta mende erdiko ibilia ospatzen ari dira, bai gaur egungo kideak, bai lehen ibilitako asko.
Goizean, korrikaldia egin dute lehenbizi. Taldetxo batek Ordizia, Lazkao eta Beasain zeharkatu ditu, Josetxo Imazen Oroimenekoaren ibilbidearen gomutan. Eguerdian, Ordiziako Plaza Nagusian elkartu, eta taldeko argazkia atera dute.
Bazkaria dute jarraian, Tximista sagardotegian. 125 lagun elkartuko dira. Burrunbazale txarangak lagunduta ibili dira alde zaharrean. Kirol lorpenengatik nabarmendu diren atletei sariak emango dizkiete, bazkal ondoren.













