Aierbek desafioa jokatuko du Aristegi eta Izkueren kontra
Ataundarra esku bakarrez ariko da; Nafarroako bi emakumezko aizkolariak berriz, txanda librean
Desafioen zalea da Iñaki Aierbe aizkolari ataundarra. 2011. urtean Montoya harakinaren aurka egin zuen apustua, esku bakarrez. Orain, Nafarroako bi emakumezko aizkolariren aurka ariko da ataundarra. Maika Aristegi iturendarra eta Irune Izkue labaiendarra izango ditu aurkari.
Kanaerdiko 4 enbor ebaki beharko dituzte, Aierbek esku bakarrez, eta Aristegik eta Izkuek bi eskuekin eta txanda librean. Abaltzisketan egin dute hitzordua, iganderako. Eguerdiko 12:00etan izango da ikuskizuna, herriko plazan.













