
Futbol zelai baten luzeera –ia ehun metro– eta 500 tonako pisua duen garraio berezi batek Gipuzkoa eta Nafarroa zeharkatuko ditu datozen egunetan. N-1 errepidetik pasako da, tartean Goierritik, eta hiru egun beharko ditu Gipuzkoako zatiari dagozkion 60 kilometroak egiteko. “Inoizko garraio handiena” dela azaldu du Foru Aldundiak, eta garraio hori antolatzeko, hainbat neurri hartu beharko dituzte. Hala, N-1 errepidearen bi norantzetako bat itxi egin beharko dute; hori dela eta, garraioa gauez egitea erabaki dute, “trafikoan ahal den eragin txikiena” izan dezan.
Garraiatu beharrekoa, Hitachi etxeak muturreko eguraldiei eusteko diseinatutako haize-sorgailu baten pieza da. 94,8 metroko luzeera, 6,5 metroko zabalera eta 5,3 metroko altuera ditu, eta berau garraiatzeko, 40 ardatzeko kamioi berezi bat prestatu dute. Bihar gauean abiatuko dira Pasaiako portutik, eta aurreneko gauean, 12 kilometro egingo dituzte, Errenteriara arte. Biharamunean berriz, Urumeako autobidetik N-1era sartu eta Beasainera iritsiko dira. Bertan eguna pasa ondoren, ostegun gauean Etzegarateraino joango dira. Zati horretan kontrako norantzan joango dira, eta Nafarroatik Idiazabalera arteko zatia erabat itxita egongo da.
Garraio guztiak, 23:30etik goizeko 05:30era bitartean egingo dituzte, beti ere, Ertzaintzak zainduta. Hori dela eta, gauez errepidera atera behar dutenei “kontuz” gidatzeko eskatu die aldundiak, eta ahal dela, ordezko bideak erabiltzeko.