Goierriko artistak, Herri People saioan
EiTBko Herri People saioak hainbat goierritar izan zituen protagonista atzoko emanaldian. Euskal Herrian barrena ibili ziren, hainbat artistarekin hitz eginez. Eskualdeari dagokionean, batetik, Gari eta Iñaki trikitilari bikotearekin izan ziren Ataunen. Bestetik, Patxi Iraola bertsolariari bisita egin zioten.
Gari eta Iñaki trikitilariek hamabost urte daramatzate elkarrekin jotzen. Joaten diren tokian, festa eta jai giroa jartzen abilak dira. Ataungo Ergoiena auzoan egin zuten hitzordua Ibon Gaztañazpirekin, eta Urbitarte sagardotegian aritu ziren jotzen gero.
Saio berean, Patxi Iraola bertsolari zaldibiarrarekin ere izan zen Ibon Gaztañazpi. Iraolak 84 urte ondo beteak dituen arren, eta berak dioen moduan “memoria galtzen” ari bada ere, berriketarako tarte ederra hartu zuten biek, baita bertso gogoangarri batzuk gogoratzeko ere.













