40 urte eta segi aurrera!
Urretxu eta Zumarragako ezker abertzalearen gazte mugimenduko kideek 40 urteko ibilbidearen errepasoa egin dute, Lemoan egingo den Gazte Topagunean parte hartzeko gonbitea egitearekin batera.
Dagoeneko badira lau hamarkada, ezker ikuspegi euskaldun batetik gaztedia antolatu nahian Jarrai sortu zela. 1979ko maiatzetik gaurdaino, ehunka iniziatiba, ekintza, interpelazio eta borroka izan dira gazte mugimenduak aurrera eraman dituenak.
1979tik Urretxu eta Zumarragan ere, hamarnaka gazte izan gara gazte antolaketa iraultzailean gure ekarpena egin dugun kideak. Konpromiso maila desberdinak uztartuz, Jarraitik hasi eta gaurko gazte mugimendura arte, gazteria aktibatze lanetan dihardu ezker abertzaleak.
Gure herrian ere, fase batzuetan hobeto asmatuz, beste batzuetan akatsen hausnarketa eginez. Batzuetan indar handiagoz, besteetan, berriz, gure mugak onartuz.
ETTen markajea, gazteon etxebizitza eskubidearen aldeko aldarria, errepresioaren arduradun zuzenei erantzuna, Gaztetxean eragile aktiboa, ikasle mugimenduaren motorra, preso eta iheslarien aldeko dinamika, alderdi español zein autonomisten interpelazioa, txosnak, jaiak… Ezker abertzalearen gazte antolakundeak, borrokarako gaitasun itzela erakutsi du Urretxun eta Zumarragan ere.
Estatuen zapalkuntzaren aurrean hortzak erakustea ez da doakoa ordea, eta gutako askok ezagutzen dugu etsaiaren ordaina zein den. Jazarpen poliziala, mehatxuak, kartzela, erbestea… izan dira eta gaur egun oraindik dira gure ekinbide politikoan nahiko ez genituzkeen bidelagunak.
Barrikadaren lehen lerroan egotearen kostua onartzeko prest azaldu gara beti, ordea.
Inor ez da historiaren jabe, baina bai norberaren ekintzena. Ezker abertzalearen gazte antolakundeen ibilbideaz harro gaude. Ibilbide horren eboluzioak Ernai gazte antolakundera ekarri gaitu. Zalantzarik gabe, ibilbide honen jarraipena zilegitasun osoz burutzen duen gazte antolakundea.
Bulkada berrien garaia da, Euskal Herri gazte, aske, sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna lortzeko urrats berriak emateko garaia.
Urretxuko eta Zumarragako gazte (eta ez horren gazte) guztiak, apirilaren 19tik 22ra Lemoan burutuko den gazte topagunean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.
–Urretxu eta Zumarragako ezker abertzalearen gazte mugimenduko kideak. Beñat Idiakez, Iguntze Aseginolaza, Joseba Segurola, Aitor Martinez, Maria Plazaola, Gaizka Arakama, Josu Amenabar, Gaizka Oiarzabal, Idoia Fernandez , Pello Galvez, Jon Mikel Irigoras, Nora Heras, Julen Etxezarreta, Igor Moratinos, Asier Juanena, Edurne Holgado, Ander Askasibar, Ainhoa Osinalde, Joseba Garmendia, Eztizen Agirresarobe, Gotzon Zabaleta, Leire Ojanguren, Lourdes Esnaola, Leire Mujika, Leire Ruiz, Xabier Ormazabal, Edurne Plazaola, Joxe Jauregi, Luismari Larrañaga, Eneritz Armaolea, Mikel Jauregi, Aitor Goia, Itsaso Biain, Jone Zabala eta Rebeka Mujika.