Beasaingo Ernairen idatzia, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira
1908ko martxoa. New Yorkeko Cotton ehungintza fabrikako emakume langileak protestan ziharduten beraien lan baldintza zikoitzak jasan ezinda. Langileek fabrika okupatzean, jabeak ateak itxi eta su eman zion, bertan zeuden 129 emakume langileak erailez. Zalantzak dauden arren erailketaren datari dagokionean, hori da gutxienekoa. Garrantzitsuena zera da, orduaz geroztik zapalkuntzak bere horretan dirauela eta itotzen gaituzten kateetatik ez garela askatu.
Menderakuntza jaiotzen garen momentutik beretik hasiko da. Emakumeoi belarritako eta pitxiak, gizonezkoei baloia. Batzuei panpinak eta besteei metrailetak. Txiki txikitatik egiten da sexutik abiatutako genero eraikuntza, zeinak emakumea goxo, lotsati, sentibera, pasibo, leun eta abar izatera bideratuko duen gizon gihartsu, hizlari, ausart, beliko, aktibo eta ‘matxote’aren aurrean.
Genero eraikuntza horrek egunerokotasunean sekulako ondorioak ditu. Gizonaren posizioa lehen mailakoa izango da; emakumearena, aldiz, bigarrenekoa, ezkutukoa. Bata produktiboa, beste erreproduktiboa. Horrek sexuaren araberako lan banaketa dakar. Gizonezkoak industria lanetan nagusi izango dira, eta emakumeak zerbitzuaren sektorera baztertuko dira gehienbat, beraien jarduna askozaz ere soldata eta baldintza kaxkarragoen truk eginez. Sektore ezkutua ere landuko dute emakumeek, hots, 0 sektorea ere deitu izan dena, etxekoandre eta ama papera jarraitzera behartuz. Honen baitan, amatasun paperaren atzean bizi den emakumeak, inguruko pertsonen zaintza hartzen du bere bizkar.
Horrez gain, gizonak buru diren gizarte patriarkalean, emakumeok egunerokotasunean ematen diren egoerak gure aurkako zapalkuntza bezala identifikatu behar ditugu. Halaxe irainak, “piropoak”, hizkuntza matxistak beregain hartzen dituen hainbat hitz edota gizonekiko sufritzen dugun menderakuntza…hori dena, guztia, eguneroko egoera normaltzat jotzen ditugu, gizarte honek beregain barnebiltzen dituelako. Gaur egungo egoera iraingarriari erreparatuz, gure gorputzarekin lotura zuzena duten erabakiak hartzeko ere eskubidea urratzen digutela ohartarazten gara. Honen lekuko argia Gallardonek inposatu nahi duen abortuaren lege berri neofrankista dugu.
Hierarkia horri eusteko ezinbesteko tresna da indarkeria matxista. Neurri diszplinarioak dira, emakumea gizonaren menera egon dadin betirako.
Horren aurrean, parekidetasunaren bidea feminismotik eraikitzen gabiltza Ernai Beasaingo kideok. Guk argi dugu, askatasunaren iturritik edan nahi badugu, feminismoak busti beharko gaituela ezinbestean.
GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA! GORA EUSKAL HERRIA FEMINISTA!
Eraitz Saez de Egilaz Ramos, Ernai Beasaingo kidea