Beasaingo lan istripua dela eta, Beasaingo Udalaren adierazpena
Ostegun arratsaldean, Beasainen langile bat lan istripuan hil zela eta, Beasaingo Udalak honako hau jakinarazi nahi du:
1.Beasaingo Udalak bere samina adierazi nahi du, eta elkartasuna helarazi nahi die hildakoaren senitarteko, lagun zein lankideei.
2. Beasaingo Udalak argi adierazi nahi du lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredu berria sortu behar dugula, eta eredu horrek lan duina eta segurua izan behar duela ardatz. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte eta ekonomia arloko eragile guztiek eta administrazio publikoek batera eta norabide berean jardutea.
3. Egiturazko arazo honi aurre egiteko, funtsezkoak dira prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren kontrako delituen jazarpena. Norabide horretan lan egin behar dute, hain zuzen ere, gizarte eta ekonomia arloko eragileek eta erakunde publikoek.
4.Enpresei dei berezia egin nahi diegu lan segurtasun eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete eta betearaz dezatela.
5. Lan prebentzioaren kultura langileen artean zabaltzeko konpromisoa hartzen du Beasaingo Udalak.