«Eguzki amandrea badoa bere amarengana, bihar etorriko da, bada, eguraldi ona»

San Juan gaua da. Eguna urteko luzeena izanagatik, jada ezkutatu da eguzkia: Eguzki amandrea joan da bere amarengana, Amalurraren altzora. Ilundu du gauak, eta suaren garrek Garagartza plaza argitzen dute. Ekhi lehen aldiz hurbildu da San Juan sua ikustera, amonaren eskutik. Harrituta eta pittin bat beldurtuta dago halako sua ikusita.
– Amona, zergatik pizten da halako su erraldoia plazaren erdian? – galdetu dio Ekhik amonari.
– Hara Ekhi, oraintxe ezkutatu zaigun eguzkia beharrezkoa da bizitzarako, landare eta animalia guztiontzat. Sua eguzkiaren alaba da, eta sua piztuta eguzkiari indarra eman nahi diogu, bihar eta etzi, eta etzidamu, eta urte osoan argia eta berotasuna eman diezazkigun. Gainera, suak urteko gauza txar guztiak erretzen ditu, eta etxea eta etxekook babesten gaitu.
Amonaren azalpenek Ekhi lasaitu egin dute. Suak jada ez du beldurtzen. Baina gaua gero eta beltzago, eta suaren garrak gero eta motelago, buruan kezka eta beldurra piztu zaizkio.
– Amona, eta erabateko gau beltza nagusitzen bada eta sua betiko itzaltzen, nork argituko digu bidea, nork berotuko eta zainduko gaitu orduan?
Amonak ederki asko ulertzen du bilobaren kezka, berak ere hamaika aldiz sentitu baitu halako hutsune eta beldurra bere baitan.
– Gauarekin ez da dena behin betiko amaitzen, Ekhi. Gauez Ilargia ere argitzen da, eta Ilargia eta Eguzkia ahizpak dira; biak Amalurraren alabak. Eguzkiak bizidunen bidea argitzen digun bezalaxe, Ilargiak hildakoei argitzen die bidea. Eta honela, Eguzki eta Ilargi, Ilargi eta Eguzki egunek aurrera egiten dute. Eta urteek aurrera: udaberri, uda, udazken eta negu. Bizitza horixe baita, biraka dabilen gurpil bat, joan-etorrien ziklo bat.
Amonak bilobari adierazi nahiko lioke denbora ez dela lineala, nolabait ere zirkularra dela, bizitzak zikloka egiten duela aurrera. Bizitzak argi eta ilunak dituela, baina beti argitzen duela egunak. Sua plazan piztu daitekeela, baina baita etxean ere, eta ikastetxeetan, lantokietan, elkarteetan… Ez dagoela su bakar bat, ez eta sua pizteko toki bakarra ere. Eta gakoa dela une ilunetan ere gai izatea suari, txiki-txikia bada ere, izekita eusteko. Unea iristen denean egongo dela norbait edo egongo dela indarra su hori handitzeko. Beti izan behar dela esperantza eta lan egin behar dela sua hauspotzeko.
Iritsiko da eguna haurrak gauza horiek hobeto uler ditzan. Gaur, etxera itzuli eta oheratu aurretik, halaxe esan dio Ekhi haurrari.
– Begira Ekhi, ongi iruditzen bazaizu, hauxe da hemen gauden guztiok egingo duguna: su txinparta bat edo ilati bat eramango dugu etxera. Ez itzaltzeko zainduko dugu eta datorren urtean, edo momentua iristen denean, txinparta horiek bildu eta berriz ere denon artean su eder bat piztuko dugu: bidea argitzeko eta bizitzak berotzeko.
2026. urteko hau Su Gorrik antolatzen duen azken San Juan gaueko ekitaldia izango da. Eskerrak eman nahi dizkizuegu urte hauetan guztietan parte hartu duzuen guztioi eta gonbidatu nahi zaituztegu azken ekitaldi honetan parte har dezazuen. Urteotan egindako lanari aitortza egin nahiko genioke, eta, aldi berean, guztiok elkarrekin beste gau majiko zoriontsu bat pasa.
Ipuinean esaten den moduan, denbora eta bizitza ziklikoak dira. Itxi da ziklo bat, baina ez da ezer amaitu: sortuko dira aukera berriak. Gorde dezagun gure bihotzetan eta inguruan San Juan suaren txinparta bizirik, momentua iristen denean berriro hauspotu eta indartu dezagun. Horrela izango ahal da!













