Oihana Azkorbebeitia, Aritz Egea, Mayi Mujika eta Urko Egimendia maratoriari begira duten gorputzaldiaz aritu dira. Korrikalari eta zaleen arteko festatzat dute
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 17. ediziorako bost egun eskas falta dira, eta parte-hartzaileen artean nabaria da dagoeneko lasterketa aurreak sortzen duen ezinegona. Oihana Azkorbebeitia abadiñoarra eta Aritz Egea urretxuarra eskarmentudun korrikalariak dira, eta ondo baino ezagutzen dituzte maratoiaren nondik norakoak. Baita Urko Egimendia zegamarrak ere, barrutik ez ezik –3. aldiz parte hartuko du aurten–, boluntario eta ikusle modura bizi izan baitu hasieratik. Aurten debuta egingo duena Mayi Mujika urretxuarra da. Euskal Selekzioan aritzeak eman dio maratoirik sonatuenean parte hartu ahal izateko aukera. Lasterketarekin gozatzen dute helburu laurek.
«Lasterketarekin gozatzea da nire
betiko helburua, ez nago besteei begira»
Oihana Azkorbebeitia – Korrikalaria (Abadiño)
Euskal Herriko mendi korrikalari emakumezkoen artean esperientzia gehientsuenetakoa duen lasterkaria da Azkorbebeitia. «Zegama 10 edo 11 aldiz egin dut, kontua galduta daukat, baina dakidana da oso ondo ezagutzen dudala maratoi hau. Betiko lasterketa egiten ahaleginduko naiz, eta iazko denboretan ibiliz gero, primeran». 4:47:38 egin zuen iaz abadiñoarrak, eta 4. postuan sailkatu zen.
Apuko igoeran (Zaramillo, Bizkaia) ekin zion denboraldiari otsailean, eta azkenekoa joan den asteburuan egin du, Arredondoko Kilometro Bertikalean (Kantabria). «Aurten 11 lasterketa egin ditut, eta 11k irabazi ditut. Gorputzaldi onarekin dago, ondo sentitzen naiz, pozik, eta gogo handiarekin igandekoari begira». Eguraldiari ere aipamena egin dio. «Oraingoz ez dute bero handirik ematen, eta hori niretzako ona da, beroarekin gaizki ibiltzen bainaiz. Tenperaturak laguntzen badu, eta gorputzak ere bai, printzipioz oso motibatuta nago».
Azkorbebeitiak ez ditu lasterketak «bereziki» prestatzen, eta ez dauka entrenamendu programaturik. «Erlojurik gabe joaten naiz, ez daukat pultsometrorik… Zegama luzea denez, kilometro batzuk sartzen saiatu naiz, baina besterik ez. Lasterketarekin gozatzea da nire betiko helburua, ez nago inori begira, ez diet faboritoei begiratzen». 2010. urtean 3. postuan sailkatu zen.
«Podiuma ez da errealista. Hori ez dago
nire esku, besteen menpe nago»
Aritz Egea – Korrikalaria (Urretxu)
«Gorputzaldi onarekin nago. Normalean zaila izaten da korrikalarien ahotik horrelakoak entzutea, baina indartsu nago. Gero egunean bertan egin egin behar da ordea…». Urte berezia izaten da 2018a Urretxukoarentzat, eta Salomon taldeko partaide baita. «Fitxatu nuenean baneukan tentsio puntu hori, gauzak ondo egin nahia, eta ikusi dut gauzak ondo egiten gai naizela. Horrek asko lasaitu nau». Apirilean Reventon mendi maratoia irabazi zuen errekorra jarriz, eta orain hamabost egun, 3. egin zuen Transvulcaniako maratoi erdian eta 4. izen bereko kilometro bertikalean.
2012tik urtetik urtero parte hartu du –aurtengoa zazpigarrena–, eta iaz lortu zuen emaitzarik onena Zegaman, laugarren sailkatuz (3:55:51). «Nire helburua nire denbora hobetzea da, baina badakit oso zaila dela. Hala ere, hobetzeko tarte hori sentitzen dut hanketan. Aurten konfiantza gehiago daukat nire buruan, nire gorputza ere hobeto ezagutzen dut, eta lasaigo hartuko dut». Probarekin gozatzea du helburu: «Podiuma ez da helburua, hori ez da errealista. Hori ez dago nire esku, besteen menpe nago. Besteek kale egiten badute, saiatuko naiz hor egoten».
«Gozatzera noa, ondo pasatzera,
jendearen animoak entzutera»
Mayi Mujika – Korrikalaria (Urretxu)
Euskal selekzioarekin parte hartzeko deia jaso du aurten urretxuarrak, eta horri esker, Zegama-Aizkorrin parte hartuko du lehenengo aldiz. «Zegaman maila handia dago, eta ni gozatzera noa, ondo pasatzera, eta jendearen animoak entzutera. Azkeneko bi urteetan izena eman eta ez dut dortsalik lortu, eta parte hartzeko proposatu zidatenean, baiezkoa eman nuen segituan».
Espainiako Kopako hiru lasterketetan parte hartu du orain arte, eta emaitza txukunak lortu ditu. «Poliki-poliki hobetzen ari naiz. Karga pixka bat sumatzen dut, baina fisikoki ondo nago, eta gogo handiarekin». Joan den igandean maratoiko ibilbidea ikusten aritu zen. Ez du probarik izan azken hiru asteburuetan.
«Aurreko urteetan ibili naiz
helburuak jarrita, baina aurten ez»
Urko Egimendia – Korrikalaria (Zegama)
Joan den larunbatean ere Aizkorrin izana da zegamarra. «Ura eramaten aritu ginen. Jende inguratuz gero, aise egiten da». Aurten 3. aldiz parte hartuko du –iaz ezin izan zuen–, eta aurreko bietan bukatu zuen. «Aurreko urteetan ibili naiz helburuak jarrita, baina aurten ez». Lan kontuak tarteko, ez du nahi adina entrenatzerik izan, eta bere buruarekin bakeak eginda, gozatzera aterako da. «Egun handia da, festa handia bat. Ea eguraldiak laguntzen digun».