Greba Orokorraren biharamuna
Urtarrilaren 30eko Greba Orokorra iragarri genuen, azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jartzeko eta alternatibak badaudela oihukatzeko. Hasieratik Greba Orokor honetarako oztopoak jartzen saiatu ziren bai patronala, instituzioak, hainbat sindikatu eta komunikabide. Patronala badakigu noren mesedetan dagoen, baina instituzioei herritarren mesedetan aritzea exijitu behar diegu. Grebara ateratzeko arrazoiak soberan ditugu. Aldarrikapen taulako neurri asko gauzagarriak dira. Borondate politikoa da behar dena.
Datuak kezkagarriak dira: soldaten bataz bestekoa %8 jaitsi da azken hamarkadan, 100.000 herritarretik gora muturreko pobrezian daude (597 eurotik behera), emakumeok soldata eta pentsio arrakala pairatzen dugu, soldatapekoen 4 langiletik 1 ebentuala da… Euskal oasia?
30 puntuko aldarrikapenekin irten ginen kalera: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 1.200 euroko gutxieneko soldata, babes soziala, arrakalarekin amaitzeko neurriak, eta abar.
Greba Orokor honetara egoera sozial kaxkarrarekin iritsi gara, baina aktibazio sozial handi batekin. Honi esker, aurreko Greba Orokorretan ez bezala, oraingoan Goierriko herri askotan Greba Batzordeak sortu dira.
Greba Orokorraren bezperatan jarraipena zabala izango zela ikusten hasiak ginen. Goierriko industria enpresa nagusienak, ikastetxeak, udaletxeak, saltoki handiak… Eta urtarrilaren 30ean, industrigune gehienak hutsik egoteaz gain, herrietako merkatariek eta ostalariek ere grebarekin bat egin zutela agerian geratu zen.
Langile klaseak eman duen erantzuna txalotzekoa izan da. Mobilizazioetan kaleak betetzera iritsi ginen. Pentsionistak, gazteak, feministak, langileak… Bakoitza bere aldetik baino, elkarrekin indartsuagoak garela erakutsi dugu.
Gure aldarrikapenak agendaren erdigunean jartzea lortu dugu. Lan, pentsio eta bizitza duinak guztiontzak!