Gutuna
Topaseko espetxetik, euskal presoen egoeraz Azken denboraldian, gehiago edo gutxiago, bai alderdi eta bai hainbat erakunderi gure inguruan hartu beharreko neurriekin betetzen zaie ahoa. Denon ahotan gabiltzan honetan, hainbat aipamen egin nahi ditugu guk ere adierazpen horien harira. —Tratu ezberdin bat eskatzen omen dugu, pribilegioak hain zuzen. Espetxe atarira iritsi orduko barruan gauden guztiok garbi esan dezakegun bakarra da ematen zaigun tratu berezia guk eskatu gabekoa dela: Euskal Herritik ehunka kilometrora aldentzea, FIES tratamendua (jarraipen berezia), komunikazio guztien interbentzioa, zortzi dei astero (gainontzekoek hamar), astean bi gutun idazteko aukera (gainontzekoek mugarik ez), aktibitateetan parte hartzeko aukerarik ez, eta abar, eta abar. Guk ez dugu tratu berezirik eskatzen, beraiek bereizten gaituzte. —Neurriak hartzerako garaian trataera indibiduala, kasuz kasukoa egingo omen da. Hau bai nobedadea! Aurki sei urte beteko dira trikimailu judizial bat tarteko 197/2006 doktrina martxan jarri zutela, eta dagoeneko 71 kideri aplikatu ez zaie ba! Hori, neurri kolektibo baten adibide. Kondenaren hiru laurdenak beteta izanik baldintzapeko askatasuna ukatzen zaienak ere 126 dira. Hau da, momentu honetan 176k kalean beharko lukete baldin eta zigor kolektibo hori aplikatuko ez balitzaie. Zirkular edo dena delako aginduak hor dira: aurrez aurrekoetan (bis a bis) ezin gutako batek baino gehiagok ordu berean komunikatu, moduluetan bi [...]
Topaseko espetxetik, euskal presoen egoeraz
Azken denboraldian, gehiago edo gutxiago, bai alderdi eta bai hainbat erakunderi gure inguruan hartu beharreko neurriekin betetzen zaie ahoa. Denon ahotan gabiltzan honetan, hainbat aipamen egin nahi ditugu guk ere adierazpen horien harira.
—Tratu ezberdin bat eskatzen omen dugu, pribilegioak hain zuzen. Espetxe atarira iritsi orduko barruan gauden guztiok garbi esan dezakegun bakarra da ematen zaigun tratu berezia guk eskatu gabekoa dela: Euskal Herritik ehunka kilometrora aldentzea, FIES tratamendua (jarraipen berezia), komunikazio guztien interbentzioa, zortzi dei astero (gainontzekoek hamar), astean bi gutun idazteko aukera (gainontzekoek mugarik ez), aktibitateetan parte hartzeko aukerarik ez, eta abar, eta abar.
Guk ez dugu tratu berezirik eskatzen, beraiek bereizten gaituzte.
—Neurriak hartzerako garaian trataera indibiduala, kasuz kasukoa egingo omen da.
Hau bai nobedadea! Aurki sei urte beteko dira trikimailu judizial bat tarteko 197/2006 doktrina martxan jarri zutela, eta dagoeneko 71 kideri aplikatu ez zaie ba! Hori, neurri kolektibo baten adibide.
Kondenaren hiru laurdenak beteta izanik baldintzapeko askatasuna ukatzen zaienak ere 126 dira. Hau da, momentu honetan 176k kalean beharko lukete baldin eta zigor kolektibo hori aplikatuko ez balitzaie.
Zirkular edo dena delako aginduak hor dira: aurrez aurrekoetan (bis a bis) ezin gutako batek baino gehiagok ordu berean komunikatu, moduluetan bi kide baino gehiago ez… Azken bi hilabeteetan aldatu diren aginduak, orain batek baino gehiagok komunikatu ahal dugu ordutegi berean (senideentzat horrek dakarren onurarekin), eta moduluetan hirukoa da gehienezko kide kopurua. Bistan da ezin dezakegula aurrerapausoez hitz egin, eta zigor kolektiboak martxan daudela.
—Legaltasun printzipioa aplikatuz jokatuko omen da.
Orain artean ez dela izan ere garbi dago. Legeak bihurritzearekin nahikoa ez eta legeak ere ez dira errespetatu. Behin kondenaren hiru laurdenak beteta baldintzapean askatzearekin nahikoa ez eta kondenak luzatuak ikusi dituzten 56 kidek oraindik ere Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren zain espetxean jarraitzen dute.
Zer esanik ez gaixotasun larriekin eri diren bederatzi kideek, legaltasun printzipioaren arabera horiek ere ez lukete inondik inora espetxean egon behar.
Eta, badaezpada, era prebentiboan dauden kideak? 178 kide horiek ere kalean egotea legeak babesten du.
Salbuespenezko legedia, salbuespenezko auzitegiak legaltasun printzipioaren oinarri izatea, hori bai zuzenbidez kontrakoa.
—Eta guztiaren gainetik, barkamena eskatu beharra.
Ez dugu, bada, kalera hirugarren graduan, bere herrira espultsatuta, pultserarekin atera den inor barkamena eskatzen ikusi. Horretarako ere gu bereizi egin behar?
—Azkenik, edo lehen premisatzat, ETAren disoluzioa.
Zein burutan kabitzen da 60 urteko borrokaren ostean tamainako arduragabekeria eskatzea? Zeren, inongo elkarrizketatara edo konponbidetara iritsi baino lehenago, nola eska daiteke horrelakorik, gainera zer eta abiapuntutzat?
Gutxi gora-behera hauek dira gure inguruko edozein neurri hartzerako garaian behin eta berriz entzun beharra dauzkagun argudioak, guztiak ere baliogabeak errealitateari erreparatzen badiogu. Orain arte aitzakiez baliatu dira, baina bistan da Euskal Herriak aski da! esan duela. 2012. urtea markak hautsiz hasi dugu, esker oneko hitzak besterik ez gure aldetik. Jakin badakigu erronka gogorraren aurrean gaudela baina bidean izango dira hamaika mugarri.
Has gaitezen bide hori egiten eta pixkanaka-pixkanaka gure herriko korapiloa askatzen.
Anitz Eskisabel Barandiaran (Lazkaoko euskal preso politikoa).
Topaseko espetxetik (Salamanca, Espainia) .