Bat eta bat
Iraia Oiartzabal eta Nagore Belastegi
Iraia Oiartzabal
Askotan pentsatu izan dut noiz sortu ote zen nigan kontzientzia feminista. Edo, akaso egokiagoa da galdetzea noiz hasi ote nintzen kontzientzia hori azaleratzen. Izan ere, uste dut oso gaztetan ikusi nituela inguruan genero diskriminazioaren lehen arrastoak. Keinu txikietan hasieran, eskolako gelakideen hitz inuzente bezain matxistetan. Gerora, bizitzan urrats berriak ematen joan ahala sentitu nuen zenbatetan emakume izateak baldintzatzen zuen aurrera egiteko aukera hori. Hausnarketa hori gutako askok partekatzen dugula ikusteak bultzatu nau nireak diren eskubideak aldarrikatzera, egiturazkoa den ezberdintasun hori borrokatzera. Bide horretan emandako pauso txiki bakoitza lorpen handi bat da. Joan den urteko martxoaren 8an milaka emakume irten ginen kalera baztertzen gaituen sistema honi aurre egiteko prest gaudela esatera. Zaintza ez delako ama, amona, ahizpa, arreba eta izeben gauza bakarrik. Emakume eta etorkin izateak prekarietatera kondenatzen duen binomioa delako. Amatasunak ez duelako zertan garapen profesionalaren balazta izan behar. Maitasuna eta sexualitatea ulertzeko hamaika modu daudelako. Eraso ororen aurrean aski dela esateko erabakia hartu genuen aspaldi eta datorren martxoaren 8an hitzordu berria dugu horretarako. Bidelagun berriak nahi eta behar ditugu, aldaketak aliantza indartsuak eskatzen dituelako. Plazetan ikusiko dugu elkar.
Nagore Belastegi
Plazan elkartuko gara, bai, gizarteak ikus dezan gu gabe ez dagoela aurrera egiterik. Iazko greba feministaren arrakasta ikusirik ez dut zalantzarik aurtengoa mundialagoa izango dela. Martxoaren 8a gustatzen zait. Ez hartu gaizki nire hitzak; ez dut festarako egun bezala ikusten, aldarrikapenen egun bezala baizik, eta aldarrikatzeko gauzak ditugun bitartean zerbait gaizki dagoelaren seinale izango da. Baina hala eta guztiz ere, egun hori gustatzen zait, hain modan jarri den sororitate hitzak forma hartzen duelako, emakumeak, gu bakarrik baina bakarrik egon gabe egoteko aukera dugulako, gure artean harremanak indartzeko balio duelako, guzti-guztiok sufritzen ditugun injustizien aurrean ahotsa altxatu eta gure artean babesten garelako, inoiz baino indartsuago sentitzen garelako, eguna amaitzean emakume izateaz are harroago joaten garelako etxera. Sentitzen dut egunez egun feminismoaz pixka bat ikasten dudala, eta zenbat eta gehiago ikasi konturatzen naiz gero eta gehiago dudala ikasteko gizartearen erruz hain barneratuta ditudan jarrera matxistak ihes egiten didatelako oraindik. Horregatik, feminismoa ukatu baina berdintasunaren alde borrokatzen duten horiek guztiak feministak direla onartzen duten arte jarraituko dugu lanean. Feminismo hitzak berak zentzua galtzen duen arte. Olatu morea zergatik sortu zen ahazten zaigun arte.