Hamlet, laburrean
Lehen ekitaldia, VI. agerraldia Hamlet sartuko da ezpata eskuan duela. HAMLET: Klaudio!! Klaudio!! Zatoz berehala!! Klaudio sartuko da. KLAUDIO: Hamlet! Deitu egin nauzu? HAMLET: Bai, deitu egin zaitut! KLAUDIO: Eta? Zer nahi duzu? HAMLET: Zuk akabatu al duzu nire aita? KLAUDIO: Tira, esateko modu bat da, bai… HAMLET: Beraz, gauzak horrela, ez daukat beste irtenbiderik… KLAUDIO: Zer? Mozkortu? HAMLET: Edateari utzi diot aspaldi… duela Continue Reading
Lehen ekitaldia, VI. agerraldia
Hamlet sartuko da ezpata eskuan duela.
HAMLET: Klaudio!! Klaudio!! Zatoz berehala!!
Klaudio sartuko da.
KLAUDIO: Hamlet! Deitu egin nauzu?
HAMLET: Bai, deitu egin zaitut!
KLAUDIO: Eta? Zer nahi duzu?
HAMLET: Zuk akabatu al duzu nire aita?
KLAUDIO: Tira, esateko modu bat da, bai…
HAMLET: Beraz, gauzak horrela, ez daukat beste irtenbiderik…
KLAUDIO: Zer? Mozkortu?
HAMLET: Edateari utzi diot aspaldi… duela orduerdi hain zuzen ere!
KLAUDIO: Orduan? Zein da duzun irtenbide bakar hori?
HAMLET: Hauxe!
Hamletek ezpatarekin Klaudioren gorputza zeharkatuko du. Klaudio lurrera eroriko da zerraldo.
KLAUDIO: Hil egin nauzu…
HAMLET: Pozten nau konturatu izana…
Horazio sartuko da.
HORAZIO: Baina… jakin al daiteke zer egin duzun?
HAMLET: Klaudiok, Danimarkako erregeak, nire aita hil duela jakin dut. Beraz, harekin, hildako aitarekin solasalditxo bat izan ondoren, mendekua hartu behar nuela erabaki dut, eta hementxe nago… nire ezpatarekin Klaudio akabatu dut.
HORAZIO: Hara ba! Zertarako luzatu, ezta?
HAMLET: Gauzak argi daudenean zertarako itxaron?
HORAZIO: Hortxe dago koxka baina… horrela izan behar al zuen?
HAMLET: Izan ala ez izan… hortxe dago koxka, bai… baina zein koxka? Non da arazoa? Arazoa konpondu da, akabo koxka. Erregea hil da, tronua nirea da orain, Danimarkako hiritarrei gertatutakoa jakinarazi eta kito! Klaudio nire ama zen puta horrekin batera ehortzi, eta betirako zoriontsu biziko gara guztiak. Behin Ofeliarekin ezkontzen naizenean, jakina!
HORAZIO: Tira, ondo da, edo ez, ez dago ondo… Hamlet, Hamlet… kontua da hain labur egin duzun honek guztiak beste bi ordu iraun behar zituela agertoki gainean…
HAMLET: Zera… “zertarako luzatu” zenionean honi buruz ari zinen…
HORAZIO: Ba bai, honi buruz… horko horiek sarrera ordaindu dute…
HAMLET: Kanturen bat ezagutzen duzu, kantatu genezake…
HORAZIO: Ba kanturik ez egia esan, dantzatu agian?
HAMLET: Bikain! Has dadila musika eta egin dezagun dantza datozen bi ordutan!
Dantzariak eta orkestra sartuko dira. Apoloniok krispetak salduko ditu ikusleen artean.
Argiak itzaliz doaz jendea txistuka hasten den bitartean.