Hasi zu
Ostiral arratsaldean, kotxean abiatu zirenean, ez batak eta ez besteak ez zuen esan astebururako azken asteetan buruan zerabiltzatena. Berak zehatz mehatz antolatu zuen asteburua: etxetxo bat kostaldean, larunbaterako jatetxe xarmagarri batean afaltzeko mahaia, igande goizerako ibilaldia itsaslabarretik. Aurreikusita zuen noiz esango zion esan beharrekoa: larunbateko afarian, postrearen ondoren, itsaso iluna kristalen atzean, haizeak olatuen burrunba Continue Reading
Ostiral arratsaldean, kotxean abiatu zirenean, ez batak eta ez besteak ez zuen esan astebururako azken asteetan buruan zerabiltzatena.
Berak zehatz mehatz antolatu zuen asteburua: etxetxo bat kostaldean, larunbaterako jatetxe xarmagarri batean afaltzeko mahaia, igande goizerako ibilaldia itsaslabarretik. Aurreikusita zuen noiz esango zion esan beharrekoa: larunbateko afarian, postrearen ondoren, itsaso iluna kristalen atzean, haizeak olatuen burrunba estaltzen zuela. Orduan, patxadaz esango zituen prestatuta zituen hitzak, atea zaratarik ez ateratzeko tentuz ixten den bezala.
Bikoteak, bolantean, berak ere bere gidoi propioa zeraman. Ez hain garatua, baina nahikoa: igande goizeko paseoa zuen buruan une apropos gisa. Goizaldeko lainobera, hondartza, kresal usaina, zerumuga zabala. Paisaia horretan esango zion jada ez zuela berdina sentitzen, harremana ohitura atsegin baina hutsa zela azken aldian.
Bietako inork ez zuen susmorik ere besteak erabaki berdina zeramala poltsikoan gordeta.
Bidean gauza txikiez hitz egin zuten: trafikoaz, irratian jarri zuten aspaldiko kantu batez, auzoan ateak itxi zituen jatetxeaz. Berriketa hosto bat uretan bezala eusten zen, sakonerarik gabe.
Iluntzea niritsi ziren. Etxea uste baino politagoa zen. Egurrezko terraza eder bat eta beheko su txiki bat. Senarrak berehala piztu zuen ezusteko gogo berezi batekin. Ardo botila bat ireki zuten.
-Ze leku polita! -esan zuen senarrak.
Emazteak irribarre egin zuen. Pozten naiz amaiera polita izatea, pentsatu zuen.
Agurra atsegina izango da behintzat, senarrak.
Arazoa gauza hutsal batekin hasi zen. Iraganeko pasadizo bat. Beste bat ondoren. Bidaiak oroitu zituzten, lagunak, kontzertuak, bereziki argitsua izan zen uda hura. Barre egin zuten. Elkarrizketak renperatura berzi bat hartu zuen, denborak urte batzuk atzera egin izan balu bezala.
Ondoren ardo botila laguntzeko gazta eta ogia afaldu zuten.
Suak zirtakatu egiten zuen.
-Gogoratzen duzu Lisboan galdu ginenean? -galdetu zuen.
Barre egin zuen.
-Bai, garbitegi batean egin genuen lo! -erantzun zion.
Eta barre egin zuten berriro ere.
Zerbait nahastu zen. Aire arraro bat sortu zen. Ez zen oroimina zehazki. Argazki album bat ikustea bezala zen. Argazkiak berriro mugitzen hasiko balira bezala.
Muxu eman zioten elkarri.
Ez zen musu melankoliatsu eta baldarra izan; aspaldiko musu horietako bat izan zen, bidea ederki ezagutzen duten horietakoa.
Besarkatuta egin zuten lo.
Larunbata argitsu esnatu zen. Herriko kaleak ibili zituzten, ogi egin berria erosi eta itsasertzean eseri ziren. Berak orduantxe esatea pentsatu zuen. Berak ere bai. Baina hitzak eztarriraino baino ez ziren iristen, zerbaitek desbideratzen zituen.
Gauean jatetxera joan ziren.
Ardoa eskatu zuten.
Arraina aukeratu zuten.
Postrea ekarri zietenean unea zela pentsatu eta eztarria garbitu zuen ardo kopari zurrut eginez.
-Zurekin hitz egin nahi nuen -ausartu zen.
Irribarre lasai batekin erantzun zion.
-Bai, nik ere bai zurekin.
Isilik geratu ziren une batez biak.
-Hasi zu.
-Ez, zu.
Arnasa hartu zuen.
-Tira -hasi zen, -azken aldian asko pentsatu dut gurekin.
Ziztada bat nabaritu zuen sabelean.
Aurrea hartu dit, pentsatu zuen.
-Nik ere bai -erantzun zion.
-Eta uste dut… -jarraitu zuen.
Une horretan estropuz txiki bat egin zuen postreko platerak jasotzera agertu zenean. Kopa bat bota eta ardoa isuri zen.
Barkamena eskatu zuen.
Mahaia garbitu zuen.
Etenak segundo batzuk baino ez zuen iraun, baina une delikatu hura hausteko nahikoa.
Zerbitzaria joan zenean bietako inork ez zion heldu elkarrizketari.
Kafea eskatu zuten. Bi ebaki. Azukrerik gabe.
Ondoren oinez itzuli ziren etxera zeru izartsu baten azpian.
Isilik hartu zuten lo.
Igandean itsaslabarrera gerturatu ziren.
Olatuak gogor hausten ziren arroken kontra.
Berak pentsatu zuen: orain da unea.
Besteak: orain.
Bidezidorreko bidegurutze batean geratu ziren.
-Aizu -esan zuen berak.
-Bai? -besteak.
Orduan bat batean txakur handi bat agertu zen nonbaitetik zaunka, atzetik nagusia bere izenaz deitzen ziola.
Txakurrak alaitsu egin zuen jauzi beraien gainera.
Barre egin zuten.
Jabea arnas estuka iritsi zen.
Barkamena eskatu zien.
Txakurrak alde egin zuen. Nagusia haren atzetik hari deika.
Berriro ere une berezi hura galdu zen.
Barrea itzali ahala oinez jarraitu zuten isilik.
Itsasoak gogor kolpatzen jarraitzen zuen arroken artean.
Kotxera itzuli ziren.
Herrira bidean asterako erosketez aritu ziren, egingo zuen eguraldiaz, ikusi behar zuten telesail batez.
Kotxea etxe parean aparkatu zutenean berak esan zuen.
-Ondo egon da asteburua.
-Bai -erantzun zion.
Etxera igo ziren.
Atea ireki zuten.
Eta zergatik oso ondo jakin gabe elkarrekin bizitzen jarraitu zuten.
Batzuetan, gauean, bietako bat zerbait garrantzitsua esatera doanean, beti berdina gertatzen da:
Telefonoak jotzen du.
Edalontzi bat hautsi.
Kaletik anbulantzi bat igarotzen da sirenak joka.
Eta berriro ere unea hausten da.
Baliteke inoiz ez banatzea.
Baina ez elkar maite dutelako.
Bietako inork alde egin ez zuelako baizik.













