Duela 3.500 urteko zeramika piezak aurkitu dituzte San Adrianen
Erdi Aroko pieza baliotsuek jarri zuten agerian San Adriango aztarnategiaren balioa; eta orain, berriz, Gipuzkoako Brontze Aroko okupazio garrantzitsuenetariko bat identifikatu ahal izan dute. Aranzadi Zientzia Elkarteak bost urte eman ditu koban indusketak egiten, eta aurkikuntza ugari egin ditu; tartean, hainbat morfologiatako ehunka ontziri dagozkien 1500 zeramika zati baino gehiago.
Herenegun goizean aurkeztu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundian Aranzadi Zientzia Elkarteak San Adriango koban egindako aurkikuntzak. Bertan azaldu zutenez, pieza horiek oso baliagarriak izango dira Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Brontze Garaiko giza taldeen bizimodua berreraiki ahal izateko.
Zeramika pieza guztiak zatikatuta aurkitu dituzte, baina ontzi handiak dira gehienak. Horrek ontziek izan zezaketen erabileraren zantzuak eman dizkie Aranzadiko kideei; seguraski, «laboreak eta likidoak» gordetzeko izango zirela ondorioztatu dute. Ontziekin batera, silexezko tresnak, eta garaiko faunaren eta floraren aztarnak aurkitu dituzte; datu guztiak ikusita, taldeak «nahiko sedentarioak» zirela ikusi dute, «abeltzainak eta nekazariak», zehaztu dutenez.
Bestalde, Blanca Gomez de Segura Ollerias Euskadiko Buztingintza Museoaren zuzendariak ontziaren erreplika egin du, Kantabriako Unibertsitateko eta Aranzadiko Historiaurreko Saileko Angel Armendariz arkeologoak xehetasunez egindako marrazkiak eredu hartuta.
Anduetza parketxean ikusgai
Edurne Albisu Zegamako alkateak «pozgarria» deritzo «horrelako altxorrak» hain gertu izateari, eta San Adrianen aurkitutako piezak Zegamako Anduetza parketxean ikusi daitezkeela aipatu du; etorkizuneko aurkikuntzak ere bertan izango direla azaldu du Albisuk.
Zegamako Udalak urteak darmatza Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, eta aurrerantzean ere, udalak «azpiegiturak» eskura jartzen jarraituko duela nabarmendu du Albisuk.
Aranzadikoek uztailean ekingo diete berriro San Adriango aztarnategiko indusketa lanei. Oraindik metro dezente dituzte aztertzeke, eta elkartekoek zehaztu dutenez aurkikuntza interesgarri gehiago egitea espero dute.