Wushu-Kung Fu arte martzialak ehun kirolari elkartu ditu Beasainen
Lorea klubak antolatutako topaketan, Iruñeko, Burgosko, Tolosako eta Donostiako hainbat klubek ere parte hartu dute. Antzizar kiroldegiko pilotalekua izan da topagunea, eta harmailak publikoz bete dira goizean.
Beasaingo Lorea klubak antolatuta, Wushu-Kung Fu Liga jokatu da gaur goizean Antzizar kiroldegiko pilotalekuan, 10:30ean hasita. Ehun bat pertsonak parte hartu dute kirol jardunaldi honetan, adin askotakoak. Iruñeko, Burgosko, Tolosako, Donostiako eta Beasaingo klubetako kirolariak ziren, eta Taolu zein Sanda diziplinetan lehiatu dira. Amaieran, makina bat domina eta diploma banatu dituzte bi kirol modalitateetan, kategorietan banatuta.
Jardunaldi honetan parte hartu duen kirolarietako bat Maria Izquierdo izan da, antolaketa lanetaz arduratu den Lorea gimnasioko ordezkaria. “Oso pozik” agertu da izan duen erantzunarekin, bai partaideei dagokienez baita publikoari dagokionez ere, pilotalekuko harmailak jendez gainezka egon direlako goiz osoan zehar, eta giro aparta izan delako.
Topaketa honen jatorria azaldu du Izquierdok. “Pandemia ondoren sortu genuen, gure haurrei eta gazteei aukera emateko txapelketen munduan hasteko. Duela bost urte hasi ginen, eta jarraipena eman nahian gaude. Egia esan, urtero oso harrera ona izaten ari gara, eta datorren urteei begira jarraitzeko asmoa dugu. Saiatuko gara Espainia mailan gehiago zabaltzen, orain arte euskaldunak eta Burgosekoak bakarrik izaten direlako partaideak”. Trukean, beasaindarrak ere kanpora joaten dira, “Andorrako txapelketan izan gara, Burgosekoan ere bai, baita Valentzian ere, estatu mailako txapelketan”.
Wushu-Kung Fu arte martzial bat da, eta Beasainen goizean ikusi direnak Taolu eta Sanda diziplinak dira. Izquierdok honela azaldu ditu: “Taulu edo formak, eta Sanda edo konbatea. Desberdintasuna kontaktua da. Taolun egiten ditugun teknikek edo mugimenduek defentsa eta erasoa irudikatzen dituzte, hau da, aurrean aurkari bat edukiko bagenu bezala defendatzea; eta Sandan hori praktikara eramaten dute, eta kontaktua dago”. Beasaingo Lorea gimnasioan biak lantzen dira, Erauskin kalean eliza ondoan duten lokalean.












