Beasaingo, Azpeitiko eta Ezkio-Itsasoko auzoa da Matxinbenta. Santa Ageda bezperako eskean aterako dira aurten ere, urteroko ohiturari eutsiz, auzoan txinpartak ateraz.
Gipuzkoako herri eta auzo askotan da berezia Santa Ageda egunaren bezpera —otsailaren 4a—. Urterik urte eutsi diote santa eskean ateratzeko ohiturari, eta aurten ere ez dute hutsik egingo, kantari ibiliko dira bazterrik bazter. Matxinbentan, adibidez, Beasaingo, Ezkio-Itsasoko eta Azpeitiko auzoan. Han, kuttun-kuttunak dituzte Santa Ageda eguna eta haren bueltako egunak. Santa eskearen tradizioari eusteaz gain, auzoko festak ere egun horietan ospatzen dituzte. Auzoko egunerokotasun lasaia eta baketsua alde batera utzi, eta algararako eta festarako egunak izaten dituzte auzoan.
«Hilaren bian Kandelario, bostean Santa Ageda / ohitura zaharra galdu ez dadin, atera gera eskera». Hala abesten dute auzotarrek egun osoan, eta hala abestuko dute datorren asteazkenean ere, bertsolariak kantuan jarri aurretik.
Ia dozena bat lagun biltzen dira gaur egun eskerako. Tartean, trikitilariak eta bertsolariak ere izaten dituzte lagun. Aurten Laja eta Izer trikitilariak eta Loidisaletxe eta Agin Laburu bertsolariak izango dituzte lagun. Bidean, inguruetako baserrietan egiten dute geldialdia, oles eginez denei. Baina ibilbidea ez da beti berbera izan. Aldatuz joan izan da.
Santa eskeko taldea Matxinbentan, 1948an
Auzoko Joxe Lasak argi ikusten du ohituraren aldaketa. Matxinbentakoak 1948ko Santa Ageda bezperako eskean atera zirenen argazkia erakutsi, eta atzo balitz bezala gogoratu du egun hartan bizitakoa. Bera da argazkian agertzen direnen artean bizirik dagoen bakarra: «Argazki hau Arzelus argazkilariak atera zigun, eta igande hartako Diario Vasco-n atera zen. Beasaingo udaletxetik abiatu ginen urte hartan eskean, baina orduan hilerria zegoen lekuraino ez ginen hasi kantuan». Lasa bera arduratu zen antolatzeaz. Bertsolaria eta soinu jolea bazituzten, eta pandero bat ere bai, baina inork jotzen jakin ez, eta Lasak jo zuen panderoa, «ahal zen moduan»: «Abiatu aurretik, plazapean zegoen fruta dendako saltzaileak laranja bana eman zigun, biderako».
Egun Azpeititik abiatzen badira ere, orduan Beasaindik ateratzen ziren. Lasak azaldu du zergatia: «Mandubiko erromeriatik neska batzuk ezagutzen genituen, eta beste erreferentziarik gabe hartu genuen bidea. Joxe Lizaso genuen bertsolari: ona zen gero! Salbatoretik Garina postariaren kamioian joan ginen, baina gainerakoak oinez egiten genituen. Bukaerarako nekatu egin zen Lizaso, baina bertso ederrak botatzen zituen». «Urte txarrak» ziren eta ez zuten ezer askorik bildu: «Baratxuri zopa eta txuleta bana afaldu genuen, behintzat, auzora iritsita».
Bera baino zaharragoek, bere aurrekoek, zer-nolako eske motak egiten zituzten ez badaki ere, aitonak kontatutakoak gogoratu ditu: «Gure aitona zenak ere kontatzen zuen Santa Ageda bezperako eskean izaten zirela aldrebeskeriak: langak botatzen ibiltzen zirela, ganberrokerietan… Sasoiko mutilak eta mutiko kozkorrak ibiltzen ziren, eta badakizu…».
Egun ere bizi-bizi joaten da santa eskea. Goizean goiz Azpeititik abiatu eta auzoan amaitu arte kantuan aritzen dira, eta bidean, ardo gozoa eta Gabonetan sobratutako ardo onak izaten dituzte lagungarri. Penak alde batera utzi, eta festa giroko haizeak indarra hartzen du bidean.
«Egun handia izaten da»
Auzoan otarregile ugari dago, eta festetako lehiaketetako sarietan, oroigarri gisara ematen diren garaikurren ordez, otarreak izaten dituzte. Auzoko otarregile ezaguna da Iñaki Agirrezabal, eta hura ere atera izan zen eskean, pare bat aldiz. Orain, ordea, etxean hartzen ditu eskera joaten zaizkionak, barruraino sartzen utziz. «Egun handia izaten da auzoan. Etxe aurre guztietako aulki eta trasteak jaso egin behar izaten ditugu, errekan amaituko ote duten beldur», dio barrez. «Behin, etxean piña bat genuen, eta alde egin zutenean konturatu nintzen falta zela. Gero, afalondoan, piña harekin futbolean jolasten ikusi nituen, eta ganaduren batek jan ote zuen ere esan zidaten».
Ibilbidearen amaieran, ibilbideko baxoerdi guztiak gainean eramaten dituzte eskekoek, eta Joxe Lasaren aitonak zioen bezala, egun ere izaten dira ganberrokeriak.
Santa Ageda egunean, meza egingo dute Azpeitiko erretiratuen abesbatzarekin, eta hamaiketakoa ere egingo dute. Handik aurrera, igandera arte, Loinazko San Martinen omenezko festak ospatuko dituzte Matxinbentan, ekintza sorta zabalarekin. Festa gogoz dagoenak, beraz, badaki nora joan asteburu honetan.