Gipuzkoako Txapelketako sailkatze fasean 17 bertsolari goierritar plazara
Maiatzaren 9tik ekainaren 6ra da lehen fasea, eta udazkenera 30 bertsolari igaroko dira. Idiazabalen, Zaldibian eta Ataunen bina saio jokatuko dituzte, goizez eta arratsaldezGipuzkoako Bertsolari Txapelketaren urtea da 2015a, lau urtean behingoa. Udazk...
Maiatzaren 9tik ekainaren 6ra da lehen fasea, eta udazkenera 30 bertsolari igaroko dira. Idiazabalen, Zaldibian eta Ataunen bina saio jokatuko dituzte, goizez eta arratsaldez
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren urtea da 2015a, lau urtean behingoa. Udazkenean izango da ofizialki, baina, 2011n G Puntuan egin bezala, sailkatze fasea antolatu du orain ere Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. 74 bertsolarik parte hartuko dute udaberriko fase horretan, maiatzaren 9tik ekainaren 6ra. Gipuzkoa Bertsotan deitu diote faseari.Aurreko ekitaldiko egitura bera izango du sailkatze faseak. Bi itzuli dira, eta bertsolari bakoitzak bi saiotan kantatuko du. Puntuazioak batuta, zerrendako lehen 30ak sartuko dira udazkeneko txapelketan, irailaren 20an hasiko dena. Orduan gehituko zaizkie dagoeneko sailkatuta dauden beste 13 bertsolari.
Hamabi herritan izango dira saioak, egun berean herri bakoitzean bi. Goierrin hiru herritan dira saioak: Idiazabalen maiatzaren 10ean, Zaldibian maiatzaren 16an eta Ataunen ekainaren 6an, azkenekoa.
Goizeko saioa 11:30ean hasiko da, eta arratsaldekoa 17:30ean. Seina bertsolari igoko dira oholtzara —aurreneko eta azkeneko saioetan zortzi, kopurua doitzeko—. Sarrerak egun berean salduko dituzte, aretoan bertan. Txarteldegiak 10:00etan eta 16:00etan zabalduko dituzte.
Goierrik ordezkaritza ona
Sailkapen fasean, bertsolari partaideen ia laurden bat Goierrikoak izango dira. Denera 17 dira goierritarrak (%23). 74 bertsolariekin batera, 19 epaile, bederatzi aurkezle eta lau idazkari ariko dira lanean.
«Sailkapen fase bat baino gehiago da Gipuzkoa Bertsotan. Gipuzkoan bertsolaritzak duen osasunaren isla da, besteak beste bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan, lehiaketa eta sariketetan daukagun emankortasunaren erakuslea», dio Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.
Goierritarren artean, 18-25 urte arteko bertsolariak dira gehien-gehienak. Beteranoxeagoak ere badira, Gorka Azkarate, Asier Sasieta, Jon Iturriotz edo Antton Fernandez, kasu. Urretxuko sei bertsolari ariko dira; Gabiriako eta Beasaingo hiruna.