1000 mendizale inguru bildu dira 17. Aizkorrin Barrenan
Aizkorrin Barrena mendi martxan mila lagun inguruk parte hartu dute. Elkarteen zein boluntarioen lanari esker, egun borobila izan dute.
1000 lagun inguru 17. Aizkorrin Barrena mendi martxan.Juan Luis Ormazabal Gaurko eguna, irailaren 27a, gordeta zegoen Brinkolako eta Legazpiko mendizaleen egutegian, eta iragarpenek ez dute hutsik egin: eguraldi ona lagun, 1000 lagun inguru hurbildu da Aizkorriko magaletara. Urtero bezala, Aizkorrin Barrena batzordeak eraman du antolakuntzaren gidaritza, Legazpiko Udalaren, Izadi Zaleak eta Burdinola elkarteen zein Brinkolako Armuño eta Arriurdin elkarteen elkarlanari esker. Horiekin batera, Atzegi eta Lekanazpi elkarteetako boluntarioak lanean gogor ibili dira eguna aurrera ateratzeko.
Ibilbideak eta lehiaketak
Goiztiarrenek 8:00etan ekin diote erronkari Zanpa Zanpa ibilbide luzearekin: 28 kilometro eta 1400 metroko denibelari aurre eginez, Artzanburu eta Aizkorritxo bezalako tontorretara iritsi dira mendizaleak. Ordu bat beranduago, 9:00etan, Ttipi Ttapa martxa motzari eman zaio hasiera: 15 kilometro eta 620 metroko desnibelarekin, Jandoain izan da gune altuena.
Bideaz gozatzeaz gain, mendizaleek arreta jarri behar izan dute inguruan. Izan ere, Burdinola elkarteak tokien izenak markatu ditu ibilbidean zehar. Gainera, Mikel Oskoz galdera lehiaketaren 11.edizioa antolatu du, Legazpiko mendizale eta martxaren bultzatzaile izandakoa gogoratzeko helburuarekin. Sariak banatu dituzte jokoan erantzun zuzenak eman dituztenentzat. Bestalde, argazki lehiaketa bat ere izan da, iaz martxan jarritakoa.
Festa eta bazkaria
Mendiko martxaren ondoren, giro alai eta festazaleak hartu du Brinkola. Herritar zein bisitariek bertako ekoizleen produktuak ikusteko aukera izan dute. Eguerdi aldera, Lekanazpi elkarteak prestatutako paella bazkaldu dute.
Garraioari dagokionez, antolatzaileen eskaerari erantzunez mendizale askok trena erabili dute Brinkolara gerturatzeko.
Laburbilduz, kirola, natura, festa eta auzolana uztartu ditu berriz ere Aizkorrin Barrenak 17. edizio honetan.
Argazkiak: Juan Luis Ormazabal













