Lazkao Txiki, aforismoak ondu zituen bertsolaria
Mutilzahar graziosoaren irudiaren gainetik, jenialtasuna eta transzenditzeko gaitasuna aitortzen diote bertsozaleek Lazkao Txikiri. Gorputz txikiak eta ahots meheak markatu zuten haren kantaera. Aurki izango da haren jaiotzaren mendeurrena.
Lazkao Txikiren eskultura Lazkaon, haren izena daraman plazan. Aimar Maiz «Hainbat herritan ume txiki bat/ hurbiltzen zitzaizunean/ bere neurrian jartzen zenekin/ era maitakor xumean/ txiki izenez, txiki gorputzez/ handia maitasunean/ ta handiago bilakatuko/ zara etorkizunean/ zure txikitasunean». Halaxe kantatu zuen Andoni Egañak Lazkao Txiki protagonista izan zuten marrazki bizidunetan, eta hala, atariko bertso hori entzutearekin batera aletu zituzten, atalez atal, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren ibiliak eta esanak (Lazkao, Gipuzkoa, 1926 – Donostia, 1992). Juanba Berasategi zinemagileak ondu zuen telesail hura, eta ETBk eman 1997an. Bertsolariaren jaiotzaren mendeurrenean, «bere txikitasunean handi» izaten jarraitzen duela sentitzen dute bertsozale askok.
Gorputz txikiak, ahots meheak eta kantaera kadentziatsuak definitu zuten Lazkao Txikiren planta oholtzan. Baina bazuen besterik ere. Hari zerion «magia» adieraztearren, Bat-bateko sorgina ezizena ipini zion Xabier Amurizak. Eta definizio gehiago ere lotu zitzaizkion, denak ere haren izaerari, umoreari eta bertsokerari lotuak: besteak beste, minik gabeko piper bizia; hogeigarren gizaldiko Fernando Amezketarra; fintasuna eta gordinkeria berezi ohi zituen marra; gizon handien burua eta haurtxoen bihotza; negar egiten zuen komikoa; gizaldi bat betetzeko moduko bertsolari aparta; bertsolari fin, sentikor eta erromantikoa…
Ezaugarri eta nolakotasun horiek ukatu gabe, Lazkao Txikiren etorriak erakutsitako «transzendentzia» ekarri du hizpidera Joxerra Garzia idazle, kazetari eta ikerlariak. Lehenagotik taxua hartua bazion ere, Patri Urkizu zenak aginduta UNEDerako bertsolaritzaren historia erdaraz idatzi behar izan zuenean jabetu omen zen horretaz: «Oso flash irrazionala izan zen, eta era berean oso fuertea».
Sentsazio horren nondik norakoak azaltzeko, Lazkao Txiki «gerraosteko testuinguru trinkoan» kokatu du lehendabizi, eta haren garaikideekin alderatu gero: «Balio konpartituen inguruko bertsolaritza zen ordukoa: Oh, baserritxo, euskara zapaldua… Uztapidek ama gaiari botatako bertsoak, adibidez [Euskaltzaindiak 1960ko hamarraldian antolatutako lehen txapelketez ari da], negarrez entzun izan nizkion gure aitonari. Hau da, balio konpartitu horiek seinalatzearekin nahikoa zen jendea emozionatzeko». Lasarte bertsolariaren adibidea ipini du jarraian: «Euskal bertsozaleen artean sortzen zuen lilura ez dago esplikatzerik erdaraz. Oso da hizkuntzaren barrukoa».
Aldiz, oso bestelakotzat dauka Lazkao Txiki: «Haren bertso asko jar zitezkeen gaztelaniaz edo ingelesez. Azalpena beharko zuten, jakina, hitz jokoek eta errimek badutelako katramila, baina baliorik galdu gabe itzul zitezkeen». Harago jo du: «Ondo zekien esaten mundu guztiak esatea nahi zuena, baina bazuen zerbait, alderdi literario bat-edo, hori gainditzen zuena. Eta ondoren etorri ziren bertsozale berriek ere segituan antzeman zioten hori».
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.













