«Erronka handia da, baina gustura hartuko dut»
Lehenengo finalaurrekoan ariko da Aizpea Garmendia gai-jartzaile lanetan, urriaren 24an, Larraun-Lekunberrin (Nafarroa), 17:00etan, Plazaola kirolgunean.
Aizpea Garmendia gai-jartzaile lazkaotarra. Bertsozale elkartea Aizpea Garmendia (Lazkao, 1998) goierritarra Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileen taldean aritu da eta lehenengo finalaurrekoan jarriko ditu gaiak, urriaren 24an, Larraun-Lekunberrin (Nafarroa), 17:00etan, Plazaola kirolgunean. Oraingoz, Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi ariko dira saio horretan, eta sailkapenak zein puntuazioak erabakiko ditu gainerako laurak.
Hastear da Txapelketa Nagusia. Zer moduz zaude?
Gogotsu. Gai-jartzaile taldean aspaldi hasi ginen martxan, baina larunbatetik aurrera plazaratuko dira aurrez prestatutako gaiak, eta horrek ere eragingo du hemendik aurrerako lanetan.
Zenbatgarren aldia duzu gai jartzaile gisa txapelketa honetan?
Euskal Herriko Txapelketan aurreneko aldiz ariko naiz.
Aurrez trebatzea beharrezkoa izaten al da? Non ibiltzen zara zu?
Aurretik Gipuzkoako Txapelketako gai-jartzaile taldean egoteko aukera izan nuen, eta hor ikasitakoek asko laguntzen dute. Txapelketatik kanpoko saioak izatea ere garrantzitsua izaten da guretzat, plaza, bertsolariak eta bertsozaleak ezagutu eta gai ezberdinek nola funtzionatzen duten ikusteko.
Lehenengo finalaurrekoa egokitu zaizu, Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi bezalako bertsolari haiei gaiak jartzeko. Zer suposatzen du zuretzat?
Erronka handi bat da, noski, baina oso gustura hartuko dudana. Zuk aipatutakoez gain, bertan ariko diren gainerako bertsolariak aurreko fasetik sailkatuak izango dira, eta maila politeko saioa izango da, seguru. Aurretik txapelketan edo plazan aurkeztutako beste saioetan baino tentsio gehiago egongo da ziurrenik, eta hori kudeatzea ere tokatuko zait.













