Zesta-punta jaialdia Beasainen, aniztasunaren alde
Bi partida jokatuko dira. Lehenengo, Eneritz, Maialen eta Iharten artekoa, eta ondoren Garat II, Bixente eta Ekhiren artekoa. 17:30ean hasiko da jaialdia.
Ekhi Lete mutrikuarra, larunbatean Beasainen ariko denetako bat.Open Jai-Alai Tolosako Beotibar Zesta-Punta Elkarteak 75 urte bete ditu. Horren harira, txapelketa bat antolatu du Open Jai-Alai Elkartearekin batera. Txapelketa finalerdietara iritsi da jada, eta finalerdietako bat Beasainen jokatuko da bihar, larunbata, Antzizargo pilotalekuan. Elkartasun jaialdia izango da, aniztasunaren eta zehazki trans pertsonen ikusgarritasunaren alde.
TOPEN Jai-Alai du izena txapelketak. Irekia da, fitxa federatiboa duten 16 urtetik gorako edonorentzat. Buruz-burukoan, triangular formatuan jokatzen da; partida bakoitzean 15 tantorako hiru joko jokatzen dira. Ekainaren lehen asteburuan hasi zen eta urriaren 3an amaituko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan (11:00).
Kepa Oiarbide Beotibar elkarteko kide izandakoaren alabengatik antolatu dute Beasainen aniztasunaren aldeko jaialdia, Aniztasunak batzen gaitu lelopean. Open Jai-Alai Elkarteak azaldu duenez, Beotibar zesta-punta eskolan ikasi zuten Tomas Oiarbide segurarrak eta haren seme Joxe Ramon eta Kepa Oiarbidek garai batean. AEBetara joan ziren. Keparen alaba Yulene ez-bitarra da, eta Luken transa. Donald Trumpek 2024ko azaroan bigarrenez hauteskundeak irabazi eta gero, aitaren sorterrira etortzea erabaki zuen familiak. Olaberrian bizitza berri bat aurkitu dute.
Formazioak herri gehiagotara
Kepa sortzez beasaindarra da, eta hori da jaialdia bertara eramatearen arrazoia. “Keparen alabari bera bezalako gehiago behar eta nahi ditugula adierazteko jaialdia da”, azaldu du elkarteak. Beasaingo Udalari eskerrak eman dizkio antolaketarako emandako laguntzagatik eta azaldutako prestutasunagatik.
Tolosan dago erdigunea, eta han jokatu dituzte txapelketako partida gehienak, baina Gipuzkoako beste hainbat herritan ere izan dira, tartean Urretxun eta Lazkaon. Gainera, Soraluzen, Urretxun eta Tolosan formazio ikastaroak egin dira. Formazio ikastaro horiek herri gehiagotara zabaltzea du helburu elkarteak.

Atzean, Maialen Aldazabal berriatuarra, larunbatean Beasainen jokatuko duenetako bat.Open Jai-Alai













