«Ederra litzateke helburuak koskaz koska berritzea»
Urriaren 11n kantatuko du Nerea Elustondo legazpiarrak Agurainen, 17:00etan, Lezao kirolgunean.
Hiru goierritar ariko dira Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, tartean da Nerea Elustondo (Legazpi, 1981). Urriaren 11n kantatuko du Agurainen (Araba), 17:00etan, Lezao kirolgunean. Agin Laburu, Aissa Intxausti, Asier Azpiroz, Gorka Pagonabarraga eta Irantzu Idoaterekin osatuko du seikotea.
Gipuzkoako Txapelketako azken agurrean esan zenuen «ilea urdindu arte» segiko zenuela txapelketan, eta hemen zaitugu berriz. Zer moduz zaude?
Ilea oraindik ez zait urdindu baina perimenopausiara hurbildu naizen honetan, azken hilabeteetan inoiz egin ditudan bertso saio gehien egiteko zoria izan dut eta sekula baino «rodatuago» harrapatuko nau Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Ondorioz, eskoletan kurtso hasierek suposatzen duten eromenean itota baina txapelketa iristeko gogotsu nago.
Nola joan da aurrelanketa?
Orain hasiko gara bertso eskolan serioxeago biltzen, baina lehen esan bezala, plazaz plaza dezente ibili naiz aurtengo udan eta plaza eta txapelketa bi jarduera oso desberdin direla jakitun banaiz ere, inoizko prestatuen iritsiko naiz udazkenera.
Zer espero duzu?
Aldagai askok parte hartzen dute txapelketan eta horietako gutxi batzuk besterik ez dira egoten errealki bertsolariaren esku, baina ahal den ondoen egin eta ahal den urrutien iristea izaten da bertan izena ematen dugunon helburua. Nire buruari ez diot mugarik jarri nahi, baina inteligenteena helburuak saioz saio jartzea dela iruditzen zait. Beraz, lehenengoa, nire kasuan, Agurainen saio on bat egitea litzateke eta hala aterako balitz final erdiek ez lukete urrun behar. Egia esan, ederra litzateke helburuak koskaz koska berritzeko aukera izatea.
Bereziki urduritzen al zaitu Euskal Herrikoak?
Ez nuke esango Euskal Herrikoak Gipuzkoakoak baino gehiago urduritzen nauenik, baina txapelketek sortzen dute saio arruntek sortzen ez duten egonezina. Entzulegoa bera ere, saioetatik oso bestelako jarrerarekin joaten da entzutera, saio arruntei eskaintzen ez zaien fokua jartzen zaie, bozgorailua urrunago iristen da… Emozionalki, oso potentea da txapelketa batek suposatu dezakeen desgastea. Krudela ere izaten da askotan, baina izan dezake ederretik ere… hara joaten garenak ez gara joaten masokistak garelako bakarrik.













