«Mendiko eskiak baliabide eta laguntza gehiago merezi ditu»
Azken hamarkadan mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzaile izan da Alzelai legazpiarra. Hark entrenatu ditu Euskal Herrian inoiz izan diren mendi eskiatzailerik onenak. Baina karguan jarraitzeari uko egin dio.
Igor Alzelai legazpiarra, mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzaile ohia.
Unai Ugartemendia Proiektu berri batean sartuta dabil azkenaldian Igor Alzelai mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzaile ohia (Legazpi, Gipuzkoa, 1978), eta entrenamendu berezi bat egitera bertaratu da Andoainera (Gipuzkoa), Aitor Ugarte mendiko eskiatzaile eta korrikalariarekin. Selekzioaz hitz egiten hasi orduko, emozioari eutsi ezinda hasi da erantzuten.
Mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzaile kargua uzteko erabakia hartu duzu. Zein izan da pauso hori emateko arrazoi nagusia?
Nire aroa amaitu dela iruditu zait. Kirol hau profesionalizatzen ari da, eta ni ez naiz profesionala. Suhiltzailea naiz, eta aldaketa bat egiteko garaia dela uste dut. Beste federazio batzuetan urteak daramatzate jende profesionalarekin lanean, eta ikusi besterik ez dago kirol honek azken lau urteotan izan duen gorakada. Hemendik aurrera aldaketa oraindik ere handiagoa izango da. Ziklo baten amaiera dela iruditzen zait.
Zeren hutsunea izan duzu urte hauetan guztietan?
Ez nuen ezer berezirik eskatzen, baina kirol hau olinpiko bihurtu da, eta horrelakoetan apustuak serioagoa izan behar du. Baliabide eta diru laguntza gehiago behar dira lana hobeto egiteko. Oso aurrekontu murritza izan dugu beste kirolekin alderatuta, eta gaur-gaurkoz ez dut mendiko eskiaren aldeko apusturik ikusten.
Beste selekzio batzuetan jada egin dute apustu hori?
Bai. Oriol Cardonak eta Ana Alonsok neguko Olinpiar Jokoetan lortutako dominek jende berria erakarriko dute mendiko eskira. Hala ere, haien dominak ez dira zorte kontua izan. Kataluniako eta Andaluziako (Espainia) Mendi Federazioek aspaldi egin zuten kirol honen aldeko apustua. Ez da kasualitatea Cardona kataluniarra izatea eta Alonso andaluziarra. Aragoiko eta Madrilgo federazioek ere asko handitu dute apustua. Hemen, aldiz, ez dugu halakorik egin. Baina, hala ere, Iñigo Martinez de Albornoz ia Olinpiar Jokoetan ikusi genuen.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.












