«Kobazuloak leku delikatuak dira, eta ez da komeni jende asko joatea»
Urtarrilean, Zaldibia inguruko kobazuloak miatzen hasi ziren Sukia eta Karrera, eta jada ia 30 kobatan ibili dira. Aurrez informatzea «beharrezkoa» dela iritzi diote, eta kobazuloetan tentuz jokatzeko eskatu dute.
Aritz Sukia Arrieta eta Ioritz Karrera Mendizabal, Zaldibiako Ziztor Espeleologia taldeko kideak.
Aritz Loiola / FOKU Lagunarteko zaletasun gisa hasi zena Goierri osoan (Gipuzkoa) ahoz aho zabaldu da dagoeneko. Inguruko kobazuloak arakatzen ibiltzen dira Ioritz Karrera Mendizabal (Zaldibia, Gipuzkoa, 1998) eta Aritz Sukia Arrieta (Zaldibia, Gipuzkoa, 1998), Josu Murua Larrarte lagunarekin batera. Guztia dokumentatzen dute, euren Instagrameko kontuan argitaratzeko (@ziztor_zet).
Zein izan zen bisitatu zenuten lehen koba?
IORITZ KARRERA MENDIZABAL: Urdanozuloko haizpea.
Nolatan hasi zineten kobazuloak arakatzen?
ARITZ SUKIA ARRIETA: Niri aitak aurretik komentatua zidan gaztea zenean Aralarko kobazuloetan ibilia zela. Hark aipatutako kobazulo hura ezagutzeko asmotan, Interneten begiratzen ibili ginen, ea zer zegoen inguruan. Kobazulo hartan sartu ginen, eta gustatu egin zitzaigun.
Zenbat kobazulotan egon zarete dagoeneko?
KARRERA: 25 eta 30 artean. Hemen inguruan ibiltzen gara: Ataun inguruko kobazuloetan, Aralarren, Alotza aldean, Murumendin…
Nola informatzen zarete kobazuloetan sartzeko?
SUKIA: Gehienbat liburuen eta Interneten bidez.
KARRERA: Hala ere, kobazuloaren beraren koordenatuak bilatzea izaten da zailena. Gertatu izan zaigu hara joatea, basoan hiru orduz bueltaka ibiltzea, eta ez aurkitzea. Batzuk oso ezkutuan egoten dira. Gainera, joan aurretik komeni da jakitea barrutik nolakoa den, zenbateko sakonera duen, zer material beharko duzun…
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.











