Jesus Mujika, Urretxuko James Dean
Jesus Mujika Urretxun jaio zen eta haurra zenean familia Frantziara joan zen. Nazien aurka borrokatu zuen eta 1949an Frantziako txirrindulari onena izendatu zuten. 1950ean hil zen, auto istripu batean. Emilio Quilez Parra arabarrak hari buruzko liburu bat idatzi du, eta ostiralean aurkeztuko du Urretxun.
James Dean aktore estatubatuarra mito bilakatu zen, zine munduan egindako lanagatik eta oso gazte zela (24 urte zituen) auto istripu batean hil zelako. Jesus Mujika Urretxuko James Dean dela esan daiteke: Frantziako txirrinduzaleen idoloa zen eta, James Dean bezala, auto istripu batean hil zen 24 urte zituenean.
Mujikaren bizitza XX. mendearen lehen erdialdearen erakusle bikaina da. Mendeko lehen 50 urte haiek eman zuten guztia ezagutu zuen: txirotasuna, gerra, garapena… 1926an jaio zen, Urretxun, langile familia batean. Berak 5 urte zituenean familia Frantziara joan zen etorkizun hobe baten bila eta Bigarren Mundu Gerra pairatu zuten. Mujikak makiekin bat egin zuen, nazien aurka borrokatzeko.
Txirrindularitza maite zuen eta gerra amaitu zenean berriro ekin zion. 1949an Frantziako txirrindulari onena izendatu zuten. Loria zain zuen, baina hurrengo urtean auto istripu batean hil zen. Hileta sekulakoa izan zen. Fausto Coppi handiak bizikleta bat oparitu zion bere familiari, aitortza gisa. Familiaren herrian, Boulogne-sur-Gesse, kale bat du. Bere bizitza pelikula bat egiteko modukoa da. Pelikularik ez du oraindik, baina liburua bai: Emilio Quilez Parra arabarrak idatzi du eta ostiralean aurkeztuko du, 13:00etan, Urretxuko udaletxean.
Quilezek jarduera fisikoaren gradua egin zuen eta Alaves futbol taldeko entrenatzailea izan zen hiru aro ezberdinetan. Arabako entrenatzaile eskolako irakaslea ere izan da. Horretaz gain, komunikabide askotan lan egin du: RNE, La Voz de España, El Periodico de Alava, Diario de Noticias, Radio Vitoria…
Hainbat liburu idatzi ditu, gainera. Montero familiako txirrindulariei buruzkoa eta Arabako futbolari buruzko bi. Monterotarrei buruzko liburua idazten ari zenean izan zuen Mujikaren berri. «Gasteizen bizi den urretxuar batek, Andres Calvok, bere herrian ere oso txirrindulari on bat izan zela aipatu zidan. Ikertzen hasi nintzen eta sekulako istorioa du. Hasiera-hasieratik: bere gurasoak Dorletako santutegian ezkondu ziren (txirrindularien zaindaria) eta, beraz, txirrindulari izatera deitua zegoen», azaldu du.
Txirrindulari bikaina izan zen. «Garai hartarako altua zen (1,76) eta oso indartsua. Frantziako talde indartsuenarekin fitxatu zuen, Mercier, eta Antonin Magnek ofizioa irakatsi zion». Magnek bi aldiz irabazi zuen Frantziako Tourra, zuzendari izan aurretik.
1949an, 23 urterekin, Frantziako txirrindulari onena izan zen. Bordele-Paris lasterketa ospetsua irabazi zuen eta hirugarren postuan sailkatu zen Paris-Roubaix eta Paris-Bruselas probetan. Kopenhagen (Danimarka) jokatu zen Munduko Txapelketan Frantziako selekzioko liderra izan zen.
Loria behatz puntekin ukitzen ari zenean, istripua izan zuen. Lasterketa batera bidean, Jean Rey txirrindulariarekin eta honen managerra zen Rene Galley-rekin, autoak kamioi baten aurka jo zuen. Mujika eta Rey hil egin ziren. «Hileta sekulakoa izan zen».
Aurkezpenak
Liburuan hori guztia eta askoz ere gehiago jaso du. Urretxuko aurkezpena Mujikaren jaiotzaren mendeurrenean izango da. Ekitaldira bere senitartekoak etorriko dira: bere arreba Benita, bere anai Leonce, azken honen emaztea (Jacqueline), Benitaren semea (Gerard) eta Gerard-en emaztea (Michelle). Hilaren 25ean bigarren aurkezpen bat egingo dute, Dorletako santutegian.

1949ko Paris-Roubaix proban.

Bordele-Paris probako helmugan.

Galley, Rey eta Mujikaren autoa, istripuaren ondoren.

Mujikaren hilkutxa, Boulogne-sur-Gesseko hilerrira bidean.












