«Arrakasta zergatik? Movieak egiten ondo pasatzen dutelako»
Bertsomovieda lehiaketa arrakastatsuko sari banaketa egingo dute gaur 19:00etan Beasaingo Igartzako jauregian. Iñaki Apalategik gogoeta egin du lehiaketaz.Urte batzuetan bertsopaper lehiaketa antolatu zuen Beasaingo Arrano Elkarteak. Baina 2012an lehi...
Bertsomovieda lehiaketa arrakastatsuko sari banaketa egingo dute gaur 19:00etan Beasaingo Igartzako jauregian. Iñaki Apalategik gogoeta egin du lehiaketaz.
Urte batzuetan bertsopaper lehiaketa antolatu zuen Beasaingo Arrano Elkarteak. Baina 2012an lehiaketa berritzailea proposatu zenuten: Bertsomovieda. Zergatik?Bertsopaper lehiaketan 20-25 lan jasotzen genituen. Nahiz eta guri gutxi iruditu, beste lehiaketa batzuetako antolatzaileekin hitz eginda, errealitatea hori zela ikusi genuen. Baina kopurua eskasa iruditzen zitzaigun; genero hori gainbehera zegoela ikusten genuen. Horretaz aparte, hor egiten ziren lanak, hortxe gelditzen ziren. Inork ez zituen ikusten, ez ziren baloratzen… Tristea iruditzen zitzaigun dirua horrela gastatzea. Urte sabatikoa hartu genuen eta Bertsomovieda jaio zen.
Ideia nondik hartu zenuten?
Garai haietan sare sozialak dezenteko indarra hartzen hasita zeuden; Youtuben ere bideoak ikusten ziren. Jendeak estimatuko zuen zerbaitetan lana egitea pentsatu genuen. Garbi geneukan antolatu genuen lehiaketak bizia izan behar zuela. Beharbada hemendik hiru urtera zaharkituta geldituko da eta beharbada ez da egingo. Ez genekien oso garbi zein lan estilo jasoko genuen. Egia esan, lehenengo urtean jaso genituen lanek eskemak hautsi zizkiguten.
Lanak oso desberdinak izango dira. Hasieratik hona aldatu al dira?
Lehenengo urtetik sorpresa eraman genuen, ez zirelako estilo zehatz bateko lanak iritsi. Gure espektatibak txikitu egin ziren. Antzerki aldera jotzen zuten bertsomovierik ez genuen imaginatu ere egiten. Diasporatik jasotzea ere ez… Urtero-urtero bertsomoviedaren barruan generoak edo azpigeneroak sortzen joan dira. Polita da. Aurten saritu dugun lana ere berria da, narrazio asko sartzen du bertsoaz aparte; oso zine formatokoa da.
Zeintzuk dira azpigenero horiek?
Batetik, bertsopaperak oso kalitate handiko irudiekin, abesti baten bideoklipa litzatekeen bezala. Bestea, lagun artean, herri antzoki gisan egiten dena. Aurten zinematografikoagoak ere jaso ditugu. Bertso onenaren saria jaso duen bertsomoviea oso dramatikoa da, zonbi baten heriotzari kantatutakoak. Gabiriako taldeak irabazi zuenean Euskal Herri osoa bisitatu zuten kopla kantari… Oso desberdinak dira eta askotan epaitzea ere zaila egiten da.
Epaitzerakoan zer hartzen duzue kontuan?
Saiatzen gara bertsoak kontuan hartu arren, erabakigarriak ez izaten. Bertso onenaren saria ere badago. Originaltasunak asko esan nahi du. Aurtengo irabazleak poza transmititzen du. Estilo horretakorik jaso gabe geunden. Urtero penatzen gara lanen bat ez saritzeaz. Aurten iruditu zaigu saritu gabe oso lan onak gelditu direla; gero eta lan hobeak geratzen direla saririk gabe. Baina diru gehiago ez dago.
Hasieratik arrakasta izan du Bertsomoviedak. Zergatik izan dela uste duzu?
Nik uste dut, movieak egiten ondo pasatzen duelako jendeak. Lana, saritua ala ez, erakusteko modukoa da. Oroitzapen polita da. Eta sariak ere nahiko mamitsuak dira. Taldeka egiten du jende gehienak eta horrek ere jendea animatzen du. Bestetik, bertsopaper bat baino askoz ere irekiagoa da.
Bertsopaperetan baino lan gehiago ez dugu jasotzen baina gertatzen dena da, lan bakoitzaren atzean, batez beste, hamar pertsona daudela. Lehen 20 lagunek hartzen bazuen parte, orain 300ek.
Aurten sari nagusia eta ikuslearen saria bat etorri dira. ‘Txakile’ izan da irabazle nagusia.
Gehienetan nahiko banatuta egon izan dira sariak. Bat etorri diren aldi bakarra, lehenengo edizioa izan zen. Uste dut gehiagotan ez dela gertatu. Aurten ‘Txakile’-rekin 1.500 euro irabazi dituzte.