KRONIKA. Sufrituz gozatzea, eta gozatu gabe sufritzea
Tove Alexandersonek eta Elhousine Elazzaouik, Zegama-Aizkorriko irabazleek, dutxatzeko, bazkaltzeko eta siesta egiteko astia eduki dute 290 dortsalduna helmugara iritsi denerako. Nahi beste disfrutatu gabeko lasterketa baten kronika da hau.
Aitor Garmendia itsasondoarra Sancti Spirituko aldapari ekitear. Markel Leunda Sancti Spiritukoa erokeria hutsa da. Argazkietan eta bideoetan ikusten dena txiki geratzen da, benetan. Zaleek egindako korridore estuan barrena, burrunba amaigabean zehar, leundu egiten da %27ko pendiza. Baina Sancti Spirituko aldapak 235 metro ditu, eta Zegama-Aizkorri mendi maratoiak, 42,195 kilometro.
Kirolari amateurrek munduko onenekin parez pare lehiatzeko aukera izan dezakete zenbait kirol diziplinatan; mendi lasterketak dira horren adibide. Zegama-Aizkorriko irteera lerroan daude Kilian Jornet, Tove Alexanderson, Elhusine Elazzaui, Remi Bonnet, Sara Alonso edota Malen Osa. Baina bertan daude zozketan dortsal preziatua egokitu zaien beste dozenaka korrikalari, baita ezagunen bati esker pribilegio hori izan duten beste zenbait ere. Zegamarako dortsala lortzea gero eta zailagoa da, baina ez da beharrezkoa markarik erregistratzea; edonork parte hartu dezake zozketan.
Baina edonor ez da gai Zegama-Aizkorri maratoia osatzeko, ez behintzat norbere —eta zenbaitetan beste batzuen— osasuna arriskuan jarri gabe. Badirudi gaur egun nornahi dela kapaz maratoiak, ultra distantziako probak eta ironmanak egiteko. Eta kirolari amateurra izen emateen eta lasterketa egutegien mendeko bilakatzen hasia da. Lerro hauen idazlea da gaitz berri horrek kutsatuetako bat.
Maratoi bat amaitzea jada ez da lorpena. «Helmugara iritsi al zara?» galdera baino lehenago dator beste hau: «Zenbat denboran egin duzu?». Eta oso gutxi dira «disfrutatu al duzu?» galdetzen dutenak. Inork ez du gogoan horrelako kirol erronka bat prestatzeak atzean duen guztia. Entrenamenduak daude batetik, baina kezkak eta zalantzak ere bai. Are eta gehiago lasterketa aurreko asteetan: «Mina da edo molestia hutsa?», «Entrenatzen jarraituko dut edo gelditzea komeni?». Azken orduan bisitak fisioterapeutarenera, masajeak, aritu gabeko aditu askoren aholkuak…
Kronika osoa Berria.eus webgunean.













