El Abuelo: ardo zaharra bezala, urteekin hobera
73 urte daramatza El Añejok Beasaingo festetara etortzen. Urtetik urtera jendea hazten ikusi dute.
Noemi Freises eta Juan Jose Herce El Abuelon, Beasainen.Laida Goiburu Beasaingo festetan dago Vino Añejo El Abuelo. Ardo zaharra gustuko dutenek ondo ezagutuko dute barraken eremuan dagoen gune hori. Horren gustuko ez dutenek ere bai, topaleku bihurtu baita herritar askorentzat, eta ohitura moduko bat da hara joatea beste askorentzat.
Juan Jose Hercek eta Noemi Freisesek daukate negozioa gaur egun, eta Juan Joseren seme gazteena ere aritzen da. Errioxakoak dira, Autol herrikoak. Laugarren belaunaldia da, Herceren aitona Juanek eta amona Natik jarri baitzuten martxan, 1953an. Aurrez, aitonak zotza-tiraketen negozioa zuen, eta urte hartan aldatu eta ardo zaharrarekin hasi zen.
Aitona-amonek ireki ondoren, haren semeak jarraitu zien, eta bilobak gero. Hercek berak azaldu duenez, urte mordo bat daramate Beasainera etortzen, hasierako garaietan Legazpirekin uztartuta: «Aitona Legazpitik Beasainera jaisten zen». Baina Legazpi garai hartan «ahul samar» zegoela-eta, Lazkaorekin hasi ziren: «Aita Legazpitik Lazkaora jaisten hasi zen, orduan Goierriko ‘boom’ hori zegoelako han». Hala, Lazkaora urtero joaten dira orain dela 40 bat urtetatik, eta Beasainera duela 73 urtetatik. Ordiziara ere joaten ziren, baina aita jubilatu zenean utzi zuten, «denera iritsi ezin» aritzen zirelako.

Juan eta Nati Juan Joseren aitona-amonak 1953an martxan jarritako kasetan.
Aitonak Vino Añejo Cuevas jarri zion izena barrakari, aitak El Cachirulo –Aragoiko jantzi tradizionaleko zapi beltz-gorri koadroduna–, eta Juan Josek El Abuelo, aitonaren omenez. El Añejo bezala ere ezaguna da Beasainen, eta hori dela eta barrakaren alboetan izen hori ere jarri zuen: «Beasaingoengatik da hori; denek esaten zuten ‘goazen Añejora, Añejon geldituko gara…’».
«Urtez urte hazten ikusten dituzu, eta horrelako gauzek ilusioa eragiten dizute»
Juan Jose Herce. Vino Añejo El Abueloko saleroslea
Espainiar estatu osoan ibiltzen dira; Beasaindik Granadara joango dira, eta handik Sestaora. Ia urte osoa ematen dute mugitzen. Uda garaiko jarduna martxoan hasten dute, eta irailean bukatu, ardo zaharrarekin. Freisesek azukre-kotoia egiten du, eta neguan horrekin mugitzen dira: «Neguan Nafarroan eta Errioxan festak izaten dira, eta han egoten gara beste kaseta horrekin».
Urtez urteko harremana
Ferietako bizimoduak «gauza polit asko» dauzka Hercerentzat, baina gehien gustatzen zaiona «jendea hazten ikustea» da: «14 urte nituenean jada laguntzen egoten nintzen, eta barkilloarekin ikusten nituen nire adinekoak; gero, gurasoekin etortzen hasi ziren ardo bila, eta gero bakarrik, ezkonduta…». Topaleku moduko bat da: «Urtez urte hazten ikusten dituzu, eta horrelako gauzek ilusioa eragiten dizute». Freisesek gehitu du «tradizioa» bilakatu dela askorentzat Goierrin: «Gurasoekin etortzen hasi ziren, eta ardoa ez gustatuta ere ohitura bihurtzen da».
Leku batetik bestera desberdintasunak nabari dituzte, leku guztietan harrera ez baita berdina. Goierrirekin oso pozik daude. «Hemen oso irekiak dira, zoragarriak dira», esan du Hercek. Anekdota bat ere kontatu du, Ordiziatik atera eta karabanaren gurpila lehertu zitzaionekoa: «Auto bat gelditu zen nire alboan, ikusi egin ninduela eta bazekiela ni nintzela, esku bat botako zidala gurpila aldatzeko… detaile horiek hemen ezagutu ditut, hemen eta Ponferradan; han ere badaukat hau bezalako toki bat».
Beasaingo festek iraun bitartean Gipuzkoa plazan egongo dira, ardo zaharra probatu eta tarte atsegin bat igaro nahi duen ororentzat irekita.

Maiatzaren 20an eta 21ean, 'egun herrikoiak'
Maiatzaren 8an ireki zituzten barrakak, eta festek iraun bitartean han izango dira. El Añejok 17:30 inguruan irekitzen du, «inguratzen den jendearen arabera». Beasainera etortzen hasi zireneko barraken eremuko leku berean kokatzen dute kaseta urtetik urtera: «Ez ginen joan nahi bizitza osoa egon garen lekutik, ez nik ezta ondoko txurro-saltzaileak ere». Txosna gunearen ondoan daude. Edalontzi erdiak 1,50 euroko kostua du, eta bikoitzak 2,20 eurokoa.
Maiatzaren 20an eta 21ean prezio merkeagoak izango dituzte barrakek, ‘egun herrikoiak’ direlako: ardo zaharraren kasuan, euro bat edalontzi erdia eta bikoitza 1,50 euro.
Gainontzeko barraketako prezioak, berriz hauek dira:
- Umeen karrusela: 2,40 euro bidaia bakoitzeko, 10 euro sei bidaiako abonuaren truke. Egun herrikoiak: 1,20 bidaiako eta bost euro sei bidaiako abonuaren truke.
- Helduen karrusela: 2,50 euro bidaia bakoitzeko, 10 euro sei bidaiako abonuaren truke. Egun herrikoiak: 1,20 bidaiako eta bost euro sei bidaiako abonuaren truke.
- Txurrotegia: 5,50 euro/dozena. Egun herrikoietan: 3,50 euro/dozena.
- Sagarra eta kotoia: sagarrak, aleko 2,80 euro (egun herrikoietan 1,60); kotoiak, aleko 3,50 euro (egun herrikoietan 1,60).
- Bingoa: kartoiko 1,20 euro.
- Tiro-kaxarnetak:
- Bolak: hiru tiro 2 euro, zortzi tiro 5 euro eta 18 tiro 10 euro.
- Zotzak: Tiro bat 1,40 euro eta bost tiro 4 euro.
- Argazkiak: tiro bat euro bat, bost tiro 3 euro eta zortzi tiro 5 euro.
- Globoak: hiru gezi 3,30 euro.
- Ahate arrantza: ahate bat 1,10 euro, lau ahate 3,50 euro eta bederatzi ahate 8 euro.
- Urdaiazpikoen zozketa: lau txartel 2 euro, hamabi txartel 5 euro eta 30 txartela 10 euro.













