Argiberri, Osinberde eta Aztiri sariek plaza bana emango diete 18 gazteri
Ordizian etzi jokatuko da Argi-Berri Bertso Saria, izen bereko elkartean. Zaldibiakoa martxoaren 12an eta Aztirikoa 19an dira. Gabiriako Osinalderako baliagarriak dira
Bertsolari gazteentzat Goierrin urtero antolatu ohi diren sariketak hastera doaz. Ordiziako Argi-Berri izango da, etzi, lehenengoa. Sei bertsolari ariko dira. Ondoren, hurrengo bi larunba- tetan, Zaldibiako Osinberden eta Aztiriko Aztiri-Baten izango dute aukera beste hamabik. Denera, 18 gazterentzat plaza, kasu honetan mahai biran.
Argi-Berriko eta Aztiriko sariketek 19. aldia dute, aurten. Osinberdek laugarren urtea du —Idiazabalgo Axariri hartu zion lekukoa—, baina sendo itsatsi ditu sustraiak Zaldibian. Sari bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira, eta seikote horrek 45. Osinalde Sariketan kantatu ahalko du, apirilaren 2an, Gabirian.
1995-1996 belaunaldiko bertsolari labealdiak izango du ahotsa, lau sariketetan. Partaideen artetik, hamar gazte 1996an jaioak dira, bost 1995ean, eta bana 1992an, 1994an eta 1997an. Aitor Servier azkaindarra da gazteena, eta Unai Mendizabal zizurkildarra zaharrena, 24 urterekin.
Bost goierritar partaide
Hemezortzi bertsolari gonbidatuetatik gehienak —hamaika— gipuzkoarrak dira. Bizkaitarrak, nafarrak eta lapurtarrak bina dira, eta arabarra bakarra. «Arabatik bakarra izango da aurten. Gazte gehiago badaude han, baina hurrengo urterako edo aurreraxeago deitzekotan geratu gara», azaldu du Jokin Muruak.
Aldi berean, Goierrikoak bost dira: Mikel Tapia ataundarra, Maialen Akizu urretxuarra, Eneko Araiztegi segurarra, Gemma Urteaga beasaindarra eta Aratz Igartzabal gabiriarra.
«Bertsolariak aurkitzeko arazorik ez dago, gaur egun. Asko daude, izen asko erabili ditugu» Jokin Murua (Osinaldeko antolatzaile taldekoa)Izan ere, Osinalde eta aurreko sariketak mokadu goxoa dira bertsolarientzat. Kantatzeko aukera ematen dietelako, lehenik eta behin. Ospeko jauzileku ponposoa delako, bestetik. «Bertsolariak aurkitzeko arazorik ez dago, gaur egun. Asko daude, izen asko erabili ditugu», dio Osinaldeko antolakuntzako Muruak. Herrialdeetako bertsozale elkarteekin jarri dira harremanetan, aurten zein ekarri erabakitzen lagun diezaieten. Gazteei «aukera» ematea da Osinalderen eta jirako sariketen helburua. Batzuek behar handirik ez dute, eta kasu horietarako oinarria ere zehaztu dute aurten lau sariketen antolatzaileek. Oihana Iguaranen kasua da. Iaz parte hartu zuen villabonarrak lehenengo aldiz Osinalden, eta berriz ere modua bazuen —hiru urtean gonbidatu ohi dute bertsolari bat, gehienez—. «Abenduan Gipuzkoako finalera ailegatu zen. Osinalde sarirako ona litzateke Iguaranen mailako bat etortzea, baina helburua gazteei plazarako aukera bat ematea da, bere burua erakuts dezan. Oihanak ez du behar». Hala, ez dute gonbidatu. Gipuzkoako, Bizkaiko edo Euskal Herriko finaletara iristen direnei ez zaiela deituko erabaki dute. Argi-Berrin afaria Sariketa guztien aurretik, 20:30ean, afaria izango da, elkartean. Argi-Berrira afaltzera joan nahi dutenek erreserba egin behar dute, telefonoz deituta (649 011 262, Aitor). 25 euro da. Ondoren hasiko da saioa, 23:00etan. Sarrera libre da, entzutera joan nahi dutenentzat.
BERTSOLARI SARIKETAK Argi-berri Saria · Noiz eta non. Etzi, Argi-Berri elkartean (Ordizia). · Ordua. 20:30ean afaria, eta 23:00etan bertso saioa. · Bertsolariak. Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Maider Arregi (Oñati), Gemma Urteaga (Beasain), Aitor Servier (Azkaine), Aitor Bizkarra (Abadiño) eta Sarai Robles (Barañain). Osinberde saria · Noiz eta non. Martxoaren 12an, Osinberde elkartean (Zaldibia). Ordua. 20:30ean afaria. · Bertsolariak. Aratz Igartzabal (Gabiria), Unai Mendizabal (Zizurkil), Asier Rubio (Luiaondo), Mikel Tapia (Ataun), Maddi Sarasua (Itsasu) eta Eneko Araiztegi (Segura). Aztiri saria · Noiz eta non. Martxoaren 19an, Aztiri-Bat elkartean (Aztiria auzoa, Gabiria). · Ordua. 20:30ean afaria. · Bertsolariak. Eli Pagola (Hernani), Haritz Mujika (Asteasu), Mikel Lasarte (Barañain), Asier Galartza (Muxika), Jokin Bergara (Eibar), Maialen Akizu (Urretxu). Osinalde saria · Noiz eta non. Apirilaren 2an, Osinalde elkartean (Gabiria). · Ordua. 20:30ean afaria. · Bertsolariak. Aurreko saio bakoitzetik bina sailkatu.












