Bigarren postuan, epaileen puntuaketan, Eneko Araiztegi segurarra geratu da, eta biak sailkatu dira Gabiriako Osinaldera. Entzuleen botoen saria Aratz Igartzabal gabiriarrak jaso du
Osinalde sariaren aurreko saioetan ariko diren 18 bertsolarietatik zaharrena da Unai Mendizabal zizurkildarra, 24 urterekin. Eta berak irabazi zuen, larunbat gauean, Zaldibiako IV. Osinberde Saria. Sei bertsolari gazteagoren artean, epaileen puntuaketa altuena berak jaso zuen, eta, ondorioz, garailearen ikurra jaso zuen opari.
Bigarren Eneko Araiztegi segurar debutaria izendatu zuten. Bi gazteek lortu dute Osinalden apirilaren 9an kantatzeko txartela. Ordiziako Argi-Berritik Maider Arregi eta Jon Gurrutxaga joan dira. Zaldibian, Argiberrin eta Aztirian ez bezala, epaile talde batek aukeratzen ditu sailkatuak, eta ez entzuleek botoz.
Bertso giro dotorea
Eneko Araiztegi eta Unai Mendizabal
Entzuleek beste sari bat ere izendatu zuten, hala ere. Aratz Igartzabalek jaso zuen. Hiru sarituekin batera, Maddi Sarasua, Asier Rubio eta Mikel Tapia ataundarra aritu ziren.
Osinberde elkartearen jangela lepo bete zen, larunbat gauean. Afaltzen 60 bat lagun bildu ziren, eta gero saioa entzutera sartu zirenekin, 80tik gora izan ziren. Gai jartzen Joxi Irastortza jardun zen, eta kopletan trikiti-panderoekin laguntzen Olatz Zabala eta Aratz Mendizabal.
Bertso saio «dotorea» suertatu zen Osinberdekoa, antolatzaileen esanetan. «Giro aparta eta bertsoz gozatzeko modukoa. Barre egiteko aukera izan da, saioak umoretik jo baitu unetan».