Gutxienez bertso bat izan behar du bideoak. Ez dago lanak aurkezteko adin mugarik. 2.500 euro banatuko dituzte saritan. Apirilaren 29an egingo da sari banaketa ekitaldia.
2015eko Bertsomoviedako irabazleak.
Dagoeneko bosgarrren Bertsomovieda lehiaketaren oinarriak kaleratu ditu Beasaingo Arrano kultur elkarteak. Hasieratik arrakasta izan duen lehiaketa formula da Bertsomoviedarena. Antolatzaileen esanetan, «bost axola zitzaigun mugikorrarekin egindako bideoa ala kameralari profesionalek grabatutako bideoa bidaltzen zeniguten; zuen bertsoak ala Lazkao Txikirenak… honela abiatu ginen orain bost urte. Urtetik urtera harritzen gaituzte (edo gaituzue) jasotako bideo estilo berriek, eta aurten ere ziur horrela izango dela».
Edozein pertsonak, taldek edo kuadrillak hartu ahal izango du parte: norberak bakarrik, ikasle taldeek, kultur taldeek, kuadrillek… Adinari eta bizitokiari dagokionean ez dago mugarik. Baldintza bakarra, bertsoren bat ageri den bideo bat, gutxienez 7 segundokoa, grabatu eta Internetera igotzea da.
Horretarako, lehenik , Internet bidez, nahi den webgunera bideoa igo behar da (Youtube, vimeo…). Ondoren,
www.bertsomovieda.com webgunean Parte hartu atalean dagoen inprimakia bete behar da. Bideoak amaieran
gustatu bazaizu, bozkatu www.bertsomovieda. com webgunean esaldia azaldu behar du, garbi ikusi eta ulertzeko moduan, eta gutxienez 7 segundoko iraupenarekin.
Bi maila daude lehiaketan: DBH 4ra artekoak, DBHkoak barne, eta helduak (gainerako guztiak). Apirilaren 3tik 10era bitartean aurkez daitezke lanak. Guztira 2.500 euro banatuko dituzte saritan.
Gazteen mailako irabazleak 300 euro jasoko ditu. Aipamen bereziaren saria ere egongo da, 150 eurokoa.
Helduen mailan mila euro irabaziko ditu bertsomovierik onenak, eta 300 euro aipamen bereziaren irabazleak. Ohi bezala, helduen atalean, ikusleen saria ere egongo da, 500 eurokoa. Horretarako, apirilaren 15etik 22ra bitartean
bertsomovieda.com webgunean eman ahalko da bozka. Iazko kasuan, ikusleen saria eta epaimahaiarena bat etorri ziren: Txakilek jaso zituen bi sariak. Azkenik, bertsorik onenarentzat 250 euroko saria zehaztu dute. Beasaingo Udalaren, eta Orkli eta Arri kooperatiben laguntza du lehiaketak.