Bertso tailer irekiak egingo dituzte Legazpiko gaztetxean ostiralero
Doakoak izango dira, eta interesa duen edozein herritarri daude zuzenduta. Asier Iriondok emango ditu bertso tailerrak. Bihar hasiko dira, eta parte hartzeko ez dago izena eman beharrikBihar hasita, ostiralero bertso tailerrak eskainiko dituzte Legazpi...
Doakoak izango dira, eta interesa duen edozein herritarri daude zuzenduta. Asier Iriondok emango ditu bertso tailerrak. Bihar hasiko dira, eta parte hartzeko ez dago izena eman beharrik
Bihar hasita, ostiralero bertso tailerrak eskainiko dituzte Legazpiko gaztetxean. Tailer irekiak izango dira, edozein adineko legazpiarrei zuzenduak. 19:00etan hasiko dira, eta ordubete inguru iraungo dute. Ez du axola aurretik esperientziarik ez izateak. Elkarrekin ondo pasatzea, bertso bat osatzeko oinarrizko pausoak ikastea eta giro ona sortzea izango dira helburu nagusiak. Asier Iriondok emango ditu eskolak. «Nik dakidana azkar erakutsiko diet», esan du Iriondok, brometan.Duela zazpi edo zortzi urte ere antzeko egitasmoa eraman zuten aurrera. Orduan, gazte asanbladako kide batzuei pare bat bertso eskola eskaini zizkieten, eta gabonetan txapelketa antolatu zuten gaztetxean. «Gaztetxea bete egin zen txapelketaren egunean; nahiko arrakastatsua izan zen», azaldu du Iriondok. Bi urtetan egin zen gaztetxeko txapelketa. Lehenengo urtean Mikel Gomezek irabazi zuen, eta bigarrenean Igor Iñurritegik.
Oraingoan, formatua nahiko ezberdina izango da, baina helburua berbera: legazpiarrak kantuan jartzea. Printzipioz, tailerrak gabonak aldera arte lutzatzea da asmoa. «Gure artean hasiko gara, eta ea gero hortik zerbait sortzen den», esan du Iriondok. Bertso bazkari bat egitea dute buruan, tailerrean parte hartzen duten lagunek ikasitakoa praktikan jar dezaten. «Dena den, ez dugu inor behartuko abestera; norbaitek bere burua ez badu prest ikusten, ez da ezer pasatzen».
Xabier Aztiria gaztetxeko kidearen ustez, bertso tailer hauek antolatzea aukera polita da modu «informal» batean bertsotan hastera animatzeko. «Adibidez, ni bezalako jendearentzat, inoiz bertsotan ibili gabeak eta bertso eskolan hasteko zaharregiak garenontzat, aukera ona da». Iriondoren ustez ere, gazte asko ez lirateke joango Itxaropeneko egoitzara, eta erosoago sentitzen dira eskolak beren ingurunean bertan emanda.