Baltistan Fundazioak gonbidatuta, haur gormutuekin lan egiten duen Aniqa Bano Goierrin izan da, bere esperientzia azaltzen
Baltistan Fundazioak hainbat garapen proiektu bultzatzen ditu Karakorum mendilerroaren magalean dagoen Baltistan lurraldean. Proiektu horietako bat da Aniqa Banok eta bere senarrak Hushe bailaran martxan jarritako gormutuentzako eskola. Egunotan Euskal Herrian da Bano, eta tartean, proiektua laguntzen duen Irizar enpresa eta Beasaingo La Salle ikastetxea bisitatu zituen atzo.
Baltistan Fundazioko Txaro Otxandorenak azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiarekin «islamaren beste aurpegia» ezagutarazteko duten hitzarmenaren barruan antolatu dute bisita. Bilbon eta Gasteizen izan dira aste honetan, eta atzo, Goierrira egin zuten bisita. «Baltistan fundazioak boluntario eta laguntzaile asko ditu Goierrin, eta ezinbestekoa zen honera etortzea». Bisita horietan lehena, Ormaiztegiko Irizar kooperatibara egin dute, Baltistan fundazioaren laguntzaileetako bat baita. Izan ere, Baltistan fundazioak duen helburuetako bat, Hushe bailarako 600 neskato eskolaratzea da. Horietako gehienak 12 urterekin ezkondu eta eskolatik ateratzen dituzte.
Lantegia bisitatu ondoren, arratsaldean Beasaingo La Salle ikastetxera joan ziren, eta bertan, Aniqa Banok haur gormutuen eta Baltistango nesken bizimodua azaldu zien.